Intzako pilotariek ongi jokatu zuten etxean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 30a

Duela bi aste eman zitzaion hasiera Gipuzkoako Ezker hormako txapelketari. Honetan, besteak beste, Lasarte-Oriako Intza K.E.-ko lau bikote daude: I. mailako seniorrak, III. mailako seniorrak, I. mailako kadetea eta II. mailako kadetea.
Lehengo larunbatean, horietako hiru bikotek Michelingo kirol guneko pilotalekuan jokatu zuten eta kalitatezko partidak ikusi ahal izan zituzten bertara hurbildu ziren ikusleak.

Bi irabazi

II. mailako kadeten bikotea, Aritz Solano eta Xabi Prietok osatutakoa LAPKE 2 taldeko bikoteari 22-18 gailendu zitzaion.
Lazkaoko aurrelariaren lanari esker, hauek 3-8 hasi zuten partida, baina Intzako bikoteak pixkanaka errenta txikitu eta 16-16 berdindu zuten norgehiagoka.
Azkenean, Lasarte-Oriako gaztetxoak egoera fisiko hobeagoan zeudenez maila mantendu eta partida irabazi zuten.
Era berean, Jon Peio Artetxek eta Xabi Arteagak, Intzako III. mailako senior bikoteak ere garaipena eskuratu zuen bere partidan. Hauek Gazte-Leku taldeko Xabi Setien eta Jon Belokiren aurka lehiatu ziren.
Partida berdindu eta polita izan zen. Intzako bikoteak partidako azken txanpan lortu zuen errenta eta partidako puntuak herrian geratu ziren.

Bat galdu

Bestalde, I. mailako seniorrak, Iñaki Lizaso eta Mikel Elola, Azkoitiako bikotearen aurka 14 eta 22 galdu zuen.
Erritmo handiko partida izan zen. Launako berdinketaren ostean, Azpeitiko bikoteak lau puntuko errenta lortu zuen. Bi bikoteek txandaka tantoak egin zituzten. Aurrelariek kalitate handiko puntuak egin zituzten eta atzelariek lan handia egin zuten.
Tamalez, Azpeitiko bikoteak errenta handitzea lortu zuen eta herrikoek ezin izan zuten ezer egin.