Auzolan Topaketa asteburuan Usurbilen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 30a

Gaur egungo gizartean nagusi den eredua aldatzeko helburuarekin sortu dute Auzolan egitasmoa Euskal Herri osoko hainbat lagunek eta asteburu honetan Usurbilen elkartuko dira horren inguruko hainbat gai jorratzeko. Gabi Valin Auzolaneko partaideak eman digu egitasmoaren berri.

Auzolan egitasmoko kideen ustez, krisian dagoena ez da bakarrik ekonomia, "zibilizazio osoa, munduan egoteko eta bizitza ulertzeko modua" dago krisian, "naturaren suntsiketan eta jendartearen desartikulazioan oinarritzen den modernitate kapitalista eta patriarkala". Horren aurrean herrien antolakuntza proposatzen dute, antolatuta dauden herritarrek etorkizunean eragiteko eta gidatzeko ahalmena dutela uste dute eta.
Ostiraletik igandera, urriaren 2ra, Usurbilen burutuko den Topaketan aurkeztuko dute duela hilabete batzuek abiatu zen Auzolan egitasmoa. Topaketak interesa piztu du eta 150 lagunek eman dute izena, beraz antolatzaile eta ekimenaren bultzatzaileak kontutan izanik 200 lagun inguruk hartuko dute parte.
Herriz herri sortu nahi dituzte Auzolan talde eta proiektuak, eta sare bat osatu, besteak beste, ekoizpen eta kontsumo ekologikoko kooperatibak, trukea, tokiko txanponak, norbere burua asetzeko energi iturri berriak edota etxebizitza, hondakin, hezkuntza, osasun eta kultur proiektuak, herritarren oinarrizko beharrak ase eta erantzuteko, beti ere gizartea eraldatzeko ikuspuntuarekin.
Guzti honetaz arituko dira egun hauetan Usurbilen: "harreman eta elkarlan sare bat eratu nahi genuke; dauden ekimenak ezagutarazi eta bultzatzeko, eta baita dinamika berriak bultzatzeko".

Hainbait eztabaidagai

Topaketa ostiralean arratsaldeko 4etan irekiko da ekitaldi batekin eta ondoren hitzaldien txanda izango da. Lehen eztabaidagaiak izango dira Krisi Globala, Lankiko Joseba Azkarragarekin 16:30etan, Herri Garapena EHUko irakasle Antxon Mendizabalekin 17:30etan eta eta Kataluniako Kooperatiba Integrala Auzolan-eko Gorka Pinillosekin 18:30etan.
Urriaren 1ean larunbatean, goizez, 14 tailer ezberdin egingo dira besteak beste ura eta lurraldea, elikadura, kultura, energia, hezkuntza, etxebizitza, euskalgintza, herri festak, Hacktibismoa, hondakinak, osasuna eta des-hazkundea gaien inguruan. Arratsaldean aldiz biltzarra egingo da: Ekonomia alternatiboa eta tokiko txanponak 16:00etan eta Tokiko Batzarrak 17:30etan.
Igandean Auzolan proiektua erakutsi eta aztertuko dute, "auzolanaren kultura" liburua aurkeztuko da Sutegi Kultu Etxean 11:00etan, Euskal Herriko Herrien Auzolan Sarea 12:00etan, Topaketaren Ondorioak eta Auzolan II. Topaketaren iragarpena 13:00etan.

Garai berria jomugan

Lasarte-Orian hainbat urtetan bizi ondoren Usurbilera joan zen Gabi Valinen ustez, garai aldaketa batean gaude eta egoera okertu egingo da: orain arteko "material, energia, zoru, ur,... kontsumoaren hazkunde progresiboan oinarrituriko garapenak" porrot egin du eta "bertako kultur ereduaren eboluzioaren bidez" beste ezaugarri batzuek dituen garai berrira heldu nahi dute: Garapen ekonomiko lokal eta komunitarioa, Auzolana, Batzarra eta Demokrazia zuzena.
Auzolan sortu dute "egungo gizarte ereduak gure beharrizanak asetzen ez dituela eta jendartearen bizi-baldintzak geroz eta kaskarragoak direla ikusirik, bestelako eredu baten alde hemen eta orain lanean hasteko helburuarekin".
Eta horretarako Euskal Herriko tradizio eta kultura kontutan izan dute: "Auzolan Euskal Herriko kulturari, lanari eta historiari estuki lotuta sortu da" zenbait balore, auzolana, elkartasuna, berdintasuna edo Batzarretako demokrazia zuzena gure herriaren ezaugarri nagusia izan dira eta.
auzolan.info web orrialdean eskuratu daiteke informazio gehiago edota izena eman. Polikiroldegi inguruan lo egiteko lekua prestatu dute, tailerrak ikastolan egingo dira eta batzarrak plaza inguruan.
Afalostean, ostiral gauean Donostiako kantu jirakoek abestuko dute, larunbatean Saltokak eskainiko du saioa eta igandeko bazkariarekin emango diete amaiera topaketei.