Nazioarte mailako musikarien kontzertua

Nerea Eizagirre 2011ko irailaren 30a

Zero Sette Akordeoi orkestrak Udalaren laguntzarekin, Lasarte-Oriako VIII. Akordeoi Jaialdia antolatu du. Ekitaldia asteartean aurkeztu zuten Zero Sette akordeoi orkestra eta Udaleko Kultura saileko arduradunek eskaini zuten prentsaurrekoan.

Lehenik eta behin, astearteko prentsaurrekoan, Boris Nogales kultura Batzordeko buruak eskerrak eman zizkion Zero Sette akordeoi orkestrari, “Jaialdia aurrera eramateko egin duten lan bikainarengatik.”
“Kontuan izan beharrekoa da ere izan duten malgutasuna. Izan ere, jaialdiaren aurrekontuak jasan dituen murrizketek ez baitute honen kalitatean eraginik izan,” atxiki zuen.

Gonbidatuak

Urtero bezala, akordeoi munduan ospe handia duten nazioarteko edo estatuko gonbidatuak izango dira bihar larunbata, 19:30etatik aurrera, Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian.
Zero Sette orkestrako Xabier Gonzalezek prentsaren aurrean aurreratu zuenez, aurten Jean-Louis Noton frantziarra eta Klezmática Trio Valladolideko hirukotea izango dira jaialdian.

Nazioarteko doinuak

Klezmática Trio taldeak Europako ekialdeko judutarren doinuak aurkeztuko ditu kultur etxeko aretoan.
'Shtetl' judutarren giroa erakartzen saiatuko dira eskainiko dituzten lanekin, Caravan, Stehtl, Ajde Dano, Emocionando a la novia eta Jovano Jovanke.
Hala ere, haien kantuetan jazz eta musika garaikideko eragina dutela ere azpimarratu zuen Gonzalezek .
Jean Louis Notoni dagokionez, munduko doinu eta abestiak eskainiko ditu bere akordeoi MIDIarekin.

Hiru lan berri

Hauekin batera laster hogeita bost urte ospatuko dituen herriko taldea, Zero Sette akordeoi orkestra entzuteko aukera ere izango da.
Herriko orkestrak hiru lan joko ditu emanaldian eta hirurak estreinatuak izango dira: Händelen La llegada de la Reina de Saba, El baile de Luis Alonso Jeronimo Jimenezena eta George Gershwinen Rhapsody in blue lanaren moldaketa, Marc-Oliver Brehmek egina.
“Estilo desberdinak uztartuko ditugu hiru lan berri hauetan. Lehenengoan barrokoa, bigarrenean zartzuela eta azkenengoan doinu klasikoak jazzarekin nahastuak” azaldu zuen Maite Janeiro Zero Setteko kideak.
Gauzak honela, "nazioarteko doinuak eta estilo desberdinak izango dira jaialdian eta denen gustukoa izatea espero dugu," adierazi zuten.

Master Class-a

Bestalde, Zero Setteko lagunek jakin arazi zuten, larunbatean bertan 16:30etik 17:30era Jean-Louis Noton frantziarrak akordeoi MIDIari buruzko master class bat eskainiko duela.
Noton Cavagnolo akordeoi etxearen MIDI musika tresnen erakusle da eta “aukera paregabea izango da”.
Honela, instrumentu hau ezagutu nahi duen akordeoi jole edo musika irakasleei deialdia egiten zieten Zero Setteko lagunek Kultur etxeko aretora hurbiltzera. "Etortzen denari 16:30ean puntual egotea eskatzen diogu," aipatu zuten.

Prezioan akatsa

Asteleheneko Txintxarrin VII. Akordeoi jaialdi honetako sarrerak 2 eurotara saltzen zirela argitaratu bagenuen ere, okerreko informazioa eskaini genuen.
Sarrerak 3 eurotan daude eskuragarri kultur etxeko sarreran.