01Akordeoi jaialdi gogoangarria

jon-altuna-egitegi 2011ko urriaren 1a

Lasarte-Oriako VIII. Akordeoi jaialdia egin zen larunbatean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Jende ugari bertaratu zen Zero Sette orkestrak antolatutako kontzertuaz gozatzera.

Lehenik, Klezmática Trio bibolin, akordeoi eta kontrabaxuz osatutako hirukoteak denetariko doinuak eskaini zituen musikazaleen gozamenerako. Jatorri poloniarreko artistak izanik, nabariak ziren musika armeniarra, judutarra eta balkaniarraren eraginak, besteak beste.
Ostean, pieza politak eskaini zituen Jean-Louis Noton bakarlari frantziarrak. Jendea kantuan jarri zuen, Frantziako ereserkia eta hainbat pelikuletako doinuak tartekatuz ikusleen ezpainetan irribarrea marraztea lortu zuen eta adio esateko, "Agur Jaunak" piezaren zatitxo bat jo zuen.
Azkenik, aurreko bien emanaldiari Zero Sette herriko taldeak eman zion jarraipena eta hiru pieza eskaini zituen Elias Goikouria zuzendariaren esanetara. Pieza klasiko bat, zartzuela bat eta blues bat interpretatu zituen Zero Settek. Aipagarria da Itsasondoko hainbat musikariren kolaborazioa eduki zuela herriko taldeak.
Kontzertuko momenturik hunkigarriena ilunabarrean protagonista izan ziren hiru kontzertuetako artistek lore sorta eta txapela jantzi zutenean izan zen. Boris Nogales kultura departamenduko ordezkaria eta Pablo Barrio alkatearen eskutik jaso zituzten oroigarriak.