Ohikoa den bezala, bazkaria egin zen. Bertan, 580 herritar batu ziren eta Francisca Niño Miguel 1919. urtean jaioa, eta 1921ean jaiotako Ceferino Verdejo omendu zituen Udalak, bazkarian elkartu zirenen artean pertsona adinduenak izateagatik.
Hauetaz gain, oroigarri bat jaso zuten aurten urrezko ezteiak bete dituzten 19 bikoteek ere.
Ospakizunak
Baina hau ez zen egun honetako ospakizun bakarra izan. Lehenik, San Pedro parrokian meza ospatu zen. Patxi Etxeberria bertsolariak eta Amalur eskolako trikitixa taldea eta dantzariek parte hartu zuten meza girotuaz. Ondorer, Amalur eskolako trikitilariek kalejira egin zuten Kultur Etxeraino, kalean zeuden herritarrei jaialdira joateko gonbitea eginez.
Izan ere, Kultur Etxean bertan Lasarte-Oriako Biyak-Bat erretiratuen elkarteko abesbatzak eskainitako kontzertua entzuteko aukera egon zen, baita hainbat txiste entzuteko ere.
Eguneko ospakizun nagusia Michelingo kirolgunean egin zen bazkaria izan zen. Bertan egon ziren omenaldia jaso beharra zuten guztiak eta baita udaleko zenbait ordezkari ere.
Hauek brindis bat egin zuten etorri ezin zirenak gogoratzeko eta ostean, urteroko dantzaldiarekin eman zitzaion amaiera aurtengo ekitaldiari.
Elkarrizketak
“Oso harro nago omenaldia jaso izanaz, ohore bat da niretzat”
Francisca Niño Miguel 1919. urtean jaio zen Palentziako herrixka batean eta atzo kontatu zigunez txiki-txikitatik lanean aritua da Francisca Palentzia aldeko lurretan.
Hotz “ikaragarriak” pasatakoak omen dira paraje haietan, baina lurra lantzen ibiltzen zirenez, jateko behintzat bazutela esan digu. Alabak azaldu digunez, “ez zuen uste omendua izango zenik eta oso pozik dago.”
“Gaurkoa, bizitza osoan eginiko borrokagatik jasotako saria da ”
Ceferino Verdejo 1921ean jaio zen Leongo Pobladora de Pelayo Garcia izeneko herrixka batean. Ceferinok aipatu digunez, mahatsa biltzen aritzen ziren gazte garaian eta hori dela eta, ez zitzaien ardoa sekula falta etxean. Hala ere, garai txarrak bizi izandakoak direla dio, bai Gerra Zibilaren garaian baita hurrengo urteetan ere. Horrek guztiak gizon “gogor”“ bihurtu duela dio.