02Bolotan, Santi eta Martin-en omenez

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 2a

Santi & Martin-en oroimeneko VIII. bolo txapelketa jokatu zen igande goizean Michelingo bolatokian. 25 bolarik parte hartu zuten txapelketan eta Gipuzkoako hainbat tokitatik etorri ziren zenbait lagun. Hala nola, Legazpi, Hernani, Donostia, Segura, Urnieta, Olaberria eta Zeraingo bolariak bertaratu ziren herrikoez gain.

Hiru kategoriatan banatua egin zen igande goizean Lasarte-Oriako VIII. Bolo Txapelketa: Probintziala, herrikoia eta emakumezkoena.

Emaitzak

Probintzia mailakoan, norgehiagoka itzela ikusi genuen. 48 birla botata, Juan Goenaga donostiarra izan zen garaile, Marcelino Agirre segurarrarekin berdinketa-hauste gogor bat izan ostean. Hirugarren, Belaunzaran urnietarra sailkatu zen eta Joxian Lasa herritarra izan zen laugarren.
Herri mailako txapelketan, Lasa bera izan zen lehen sailkatua 47 birla botatzea lortu ostean. Hala ere, Jesus Lasarekin berdinketa haustea egin behar izan zuten garailea nor izango zen erabakitzeko. Hirugarren postua berriz, Inaxio Otaegirentzat izan zen.
Azkenik, emakumezkoen mailan Txaro Galan izan zen onena. Atzetik izan zituen Martin omenduaren Arantxa eta Maitane alabak.

Esker oneko hitzak

Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan zizkien bolo txapelketan kolaborazio lanetan aritu diren guztiei. Haiek gabe, halako txapelketa bat antolatzea ezinezkoa izango litzatekeela adierazi zuten.
Hurrengo urtean, babes bera jasotzea espero dutela esan eta txapelketako parte-hartzaile guztiei esker ona adierazi nahi izan diete antolakuntzan aritu diren Montes eta Zapirainek.