Herriko adinduak omendu zituzten asteburu osoan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 3a

Pertsona adinduen egun handia izan zen Lasarte-Orian urriaren 2a, igandea.
Ohikoa den bezala, bazkaria egin zen. Bertan, 580 herritar batu ziren eta Francisca Niño Miguel 1919. urtean jaioa, eta 1921ean jaiotako Ceferino Verdejo omendu zituen Udalak, bazkarian elkartu zirenen artean pertsona adinduenak izateagatik.
Hauetaz gain, oroigarri bat jaso zuten aurten urrezko ezteiak bete dituzten 19 bikoteek ere.

Ospakizunak

Baina hau ez zen egun honetako ospakizun bakarra izan. Lehenik, San Pedro parrokian meza ospatu zen. Patxi Etxeberria bertsolariak eta Amalur eskolako trikitixa taldea eta dantzariek parte hartu zuten meza girotuaz. Ondorer, Amalur eskolako trikitilariek kalejira egin zuten Kultur Etxeraino, kalean zeuden herritarrei jaialdira joateko gonbitea eginez.
Izan ere, Kultur Etxean bertan Lasarte-Oriako Biyak-Bat erretiratuen elkarteko abesbatzak eskainitako kontzertua entzuteko aukera egon zen, baita hainbat txiste entzuteko ere.
Eguneko ospakizun nagusia Michelingo kirolgunean egin zen bazkaria izan zen. Bertan egon ziren omenaldia jaso beharra zuten guztiak eta baita udaleko zenbait ordezkari ere.
Hauek brindis bat egin zuten etorri ezin zirenak gogoratzeko eta ostean, urteroko dantzaldiarekin eman zitzaion amaiera aurtengo ekitaldiari.