“Goi mailako futbola oso zaila da eta profesionala izateko aukerak, oso gutxi”

maider-azurmendi 2011ko urriaren 3a

David Infante 20 urteko lasarteoriarra Real Union taldeko jokalaria da. Aurten hasi da bigarren B mailako taldearekin jokatzen eta momentuz gustura dago maila berri honetan debutatzearekin. Futbolaria izateaz gain, ingeniaritza informatikoa ikasten ari da. Gaztearentzat ez da erraza ikasketak eta entrenamenduak uztartzea, baina otsailean karrera amaitu ahal izatea espero du futbolean behar bezala murgiltzeko.

David Infantek bigarren B mailan Errege Koparako sailkapen partidan egin zuen debuta talde txuri beltzarekin. Nojaren aurkako partida garrantzitsua zen baina azkenean, txapelketatik kanpo geratu ziren 2-1eko emaitzarekin.
Desilusio handia izan da Infanterentzat baina Ligan lan ona egitea espero du bere futbol-ibilbidea luzea eta oparoa izan dadin.

Zenbat urterekin hasi zinen futbolean?
Lau urterekin hasi nintzen, eskolan, Sasoetan. Gero Ostadar eta Texas taldeetan jokatu nuen eta jubeniletako bigarren urtean, 17 urterekin Real Union-etik deitu zidaten jubenil mailan jokatzera joateko.
Probatzeagatik joan nintzen. Egia esan pozgarria izan zen eskaintza hura jasotzea.

Lasarte-Oria eta Irun arteko bidea buruz jakingo duzu dagoeneko...
Bai urte hauetan topoan joan izan naiz eta bidai denbora hori ikasteko erabili dut. Esan daiteke karrera bidai horiei esker atera dudala ia. Orain Gorka Brit-ekin joaten naiz. Bera lehen taldeko jokalaria da eta biok lasartearrak izanda elkarrekin ibiltzen gara.

Lehen taldean jokatzen hasi duzu denboraldia, aldaketa handia al da?
Bai oso handia. Asko aldatzen da lan egiteko modua. Orain jokalari helduekin nago eta batzuk bigarren mailako taldeetan ibilitakoak dira. Egunero ordu eta erdiko entrenamenduak izaten ditut eta tarteka goiz eta arratsaldez ere bai.

Taldeak mister berria du aurten; Roberto Olabek hartu du gidaritza. Taldea pozik al dago berarekin?
Nik baietz uste dut. Taldea hartu zuenean lehen erabakia bigarren taldeko bederatzi jokalari igotzea izan zen. Igo ginenen artean, azkenean, taldean bi geratu gara, baina behintzat aukera eman digu egiten dakiguna erakusteko. Orain geratu garenok lan asko egin behar dugu.
Entrenatzaile bezala, intentsitate asko eskatzen digu beti. Entrenamenduak gogorrak izaten dira. Akatsak atera eta hauek zuzentzeko argibideak ematen dizkigu, baina orokorrean asko animatzen gaitu.

Aldageletan giroa ona al da?
Oso giro ona dago. Zelaian ezberdintasun handia dago zure adinekoekin edo helduagoekin jokatzean, baina bestela gure artean ondo moldatzen gara.

Denboraldia ez da emaitza onekin hasi...
Dagoeneko buelta eman diogu. Galtzen hastea gogorra da, baina Alavesen kontrakoan lehen garaipena lortu genuen. Pixkanaka puntuak gehitzen joan behar dugu eta hasiera kaxkarra ahal bezain laster ahaztu.

Gainera Errege Kopatik kanpo geratu zarete. Orain arteko kolperik gogorrena izan al da?
Ba bai, oso gogorra izan da. Nojaren aurka jokatu eta 2-1galdu genuen. Taldeak Errege Kopa jokatzeko ilusio handia zeukan eta lehen kanporaketan huts egitea, kolpe gogorra izan zen. Txapelketa honek ilusio berezia egiten du lehen mailako taldeen aurkako partidak egon daitezkeelako bidean, baina aurtengoan ezingo da. Dena den, oztopo hori gainditu eta Ligan pentsatu beharra dugu. Indar guztiak Ligan jarri behar dira orain.

Titular izateko aukerarik ikusten al duzu?
Zaila dago, kalitate eta esperientzia handiko jokalariak daudelako taldean, baina saiatuko naiz. Momentuz misterrak aukera eman dit jokatzeko, Noja-ren aurkakoan egin nuen debuta eta gerora minutuak izan ditut. Bigarren taldetik igo berria naiz eta pixkanaka egin behar ditut gauzak ohitzen joateko.

Denboraldi berri honetan helburua zein izango da taldearentzat?
Betiko helburua, taulan lehenengo lau taldeen artean geratu nahi dugu, maila igoera jokatu ahal izateko. Lan ona egin behar dugu denboraldi osoan. Salamanca esaterako aurkari gogorra da eta oso maila onean aritu daitezkeen beste batzuk ere badaude. Ikusiko da. Lan txukunena egiten ahaleginduko gara. Bigarren mailan jokatzeko moduko taldea dugu.

Eta pertsonalki zein da zure helburua?
Otsailean ikasketak bukatu nahi nituzke eta entrenamenduetan murgildu erabat. Ikusi nahi dut jokalari bezala zein mailatan ibili eta nora iritsi naitekeen. Gustatuko litzaidake jokalari profesionala izatea, baina egun goi mailako futbolaren mundua oso zaila da eta profesionala izateko aukerak oso oso gutxi dira.

Oraindik oso gaztea zara, talde txuri beltzean urte asko egitea gustatuko al litzaizuke?
Inork ez daki. Urtetik urtera berritzen digute kontratua. Nik gauzak ondo egin nahi ditut eta ahal bezain beste denbora taldean jarraitu.

Ikasketak, entrenamenduak... lagunekin parrandan ateratzeko astirik ba al duzu?
Parrandarik ez, oso gutxi. Asteburutan partiduak izaten ditut eta bestela entrenamenduak. Astean zehar arratsaldetan denbora daukat eta orduan bai, lagunekin eta neskarekin egoteko aprobetxatzen dut. Denboraldia bukatzean taldeko afari bat edo beste egiten dugu eta orduan ateratzen naiz, baina bestela ezer ere ez.

Uztailean izan zenuen lesiotik ondo osatu al zara? futbolariak lesioen beldur izaten al zarete?
Lesionatzeak ez dit bereziki beldurrik ematen. Baina noski, ondo zaindu behar gara hauek ahal den neurrian ekiditeko. Uztailean behatz bat hautsita izan nuen, baina zorionez ez zen larria izan. Oraindik behatz hori ondo babesten dut jokatu behar dudanean, garrantzitsua da ondo sendatzea gerora mindu ez dadin.

Futbolari bezala momentuko zein taldetan gustatuko litzaizuke egotea? Jarraitzen al duzu Lehen Maila?
Bai jarraitzen dut. Profesionalen maila izango banu edo lortuko banu, euskal talde batean egotea gustatuko litzaidake. Errealak oso ondo hasi du denboraldia eta lan ona egin dezakeela iruditzen zait. Talde gaztea da eta harrobikoei aukera ematea erabaki ona izan dela dirudi.

Arreba ere futbolaria da ezta?
Bai, Miriam futbolean aritzen da, Ostadarren hasi zen eta orain Añorga taldean dabil oso maila onean. 16 urte ditu eta dagoeneko Espainiako eta Euskadiko selekzioekin jokatu izan du. Oso trebea da.

Zuen artean kritikatzen edota komentatzen al dituzue bata bestearen jokatzeko erak?
Bai ibiltzen gara jokaldiak eta egindako hutsegiteak komentatzen. Jokaldi oso onak egiten ditugunean ere elkar zoriontzen gara, gure harremana oso ona da eta. Txikitan asko jokatzen genuen elkarrekin; orain denborarik ez daukagu.

Gurasoek zer diote?
Beti animatu izan gaituzte, txikitatik gustatzen zitzaiguna egitera bultzatuz. Oso zaleak dira, partida guztiak ikustera joaten diren guraso horietakoak. Arrebak normalean goizez jokatzen du eta nik arratsaldez, orduan biak joaten dira bi partiduak ikustea. Inoiz biak batera egokitzen baldin badira, ama arrebarena ikustera joaten da eta aita nirera. Futbola gustatzen zaie eta gure jarraitzaile sutsuak dira. Beraiek ere komentatzen dizkigute egiten ditugun akatsak. Egia esaten digute beti eta partiduaren batean maila erakutsi ez badugu arazorik gabe esaten digute.