Kukukaren ospakizun urtea

jon-altuna-iza 2011ko urr. 3a, 02:00
Kukuka, Lasarte-Oriako Antzerki eta Dantza eskolak ostegun iluntzean aurkeztu zuen ikasturte berria Kultur Etxean, modu berezi batean, aurten 10 urte betetzen dituela eta. Ekitaldian, batetik eskolako 19 irakasleetako batzuek koreografia bat dantzatu zuten, bestalde Irrien Lagunak Klubarentzat lasarteoriatarrek Villa Mirentxun grabatutako Lip-Dub-a eta Eskolaren hamar urtetako ibilbidearen inguruan Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek egindako bideoa eskaini ziren eta azkenik, Kukukaren abestia dantzatu zuten emanaldian izan zirenek.
Kukuka Eskolan 700 lagunetik gora matrikulatu dira 2011 eta 2012 ikasturterako. Duela 10 urte Zabaleta auzoan lau talderekin hasi zen proiektua sendotu eta Lasarte-Orian sustraitu dela argi dago beraz.
Egun 57 talde dira eta 19 irakasle. Kultur Etxean eta herriko ikastetxeetan erakusten dute dantza eta antzerkia astean zehar ordutegi ezberdinarekin, beraz ez da erraza ehundaka ikasle, eta hainbeste talde eta ordutegi antolatzea, eta zailtasun horiei aurre egin behar izaten diete urtero eskolan hasieratik ari den Kontxu Iartzak eta beste irakasleek.
Hain juxtu, ikasturte amaierako jaialdi eta kalejiran dantzatuko diren koreografietako bat prestatu dute irakasleek korrika eta presaka, eta osteguneko aurkezpena berau dantzatuz hasi zuten.

Nortasuna sendotuz

Dantzaren ondoren Joxe Mari Agirretxe Kukukako ordezkariak adierazi zuenez, dantza eta antzerki talde pila bat badira ere eta hori garrantzitsua bada ere, ez da garrantzitsuena: "inportanteena helburua da, Antzerki eta Dantza eskolan ari garenean gutariko bakoitza pertsonalki haztea, barruan dauzkagun lotsak, beldurrak, komunikatzeko eragozpenak, alde batera utzi eta pertsona bezala haztea, komunikatzeko erraztasunak eskuratzea, gure sufrimenduak adieraztea, seguritatea hartzea eta azken finean nortasuna sakontzea".

Lagunartean

Beraz, Kukuka ekimena ikasle bakoitzarentzat da aberasgarri, baina talde izaera nabarmendu zuen Agirretxek: "hemen ez da irabazten edo galtzen, antzerkia eta dantza taldean egiten da, lagunartean, lagunak eginez, lana eginez, diziplinarekin, baina disfrutatuz, eta ondo pasatuz".
Norberaren onura eta lagunarteko lanaz gain hirugarren puntu bat ere azpimarratu zuen Kukukako ordezkariak, herria: "Lasarte-Orian gaude, euskaraz nahi dugu bizi, Lasarte-Oria polit bat nahi dugu eta hori denon artean egiten dugu. Kulturatik, euskaratik eta alaitasunetik eginik errazago eta politagoa da eta beraz zorionak denei" bukatu zuen Agirretxek.

Hamar urte

Antzerki eta Dantza eskolako arduradunaren hitzen ondoren Kultur Etxeko beheko aretoa bete zuten ikusleek “Zorionak Zuri” kantatu zioten Kukukari. Hamargarren urteurrena dela eta ikasturte berezia izango da aurtengoa: Ekainean festa handi bat egingo dute, denen parte hartzearekin, baina ikasturtean zehar ere hilero antzerki eta dantza emanaldiren bat antolatu nahi dute, Agirretxeren iritziz, "antzerkia egitea polita da, dantzatzea polita da baina besteena ikusiz, ikasi eta disfrutatu nahi dugu", beraz aurkezpenean aurreratu zutenez ikuskizunak ekarriko dituzte urtean zehar, "umeentzat, sendientzat, helduentzat, denentzat". Aurten hilero antolatu nahi dute Udalaren laguntzaz emanaldiren bat.

Lip-dub eta bideoa

Hasteko, aurkezpenean, bi bideo eman ziren. Batetik, Irriaren Klubaren Lip Dub-a. Joxe Mari Agirretxeren iritziz, "Kukukaren filosofiaren barruan oinarrietako bat da elkarlana" eta horren adibide da Lip Dub-a.
Ekainean grabatu zuten hainbat lagunenekin batera, besteak beste, Gaztelekukoek, bonberoek, Beltzak errugbi taldekoek, antzerki eta dantza eskolakoek, Erketz dantza taldekoek, Amalur trikiti eta pandero eskolakoek, Gure Ametza Jalgunekoek, guraso eta umeek, Bonberenea txarangakoek, Xumela abesbatzakoek, AEKko ikasleek, Bertso eskolakoek, Semblante Andaluz elkartekoek eta Sorgin dantzakoek hartu zuten parte.
Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Antzerki eta Dantza eskolaren hamar urtetako ibilbidearen inguruan egindako bideoa eskaini zuten eta bukatzeko, Kultur Etxean bildu zirenek, batzuek oholtza gainean eta besteek euren eserlekuetan, Kukukaren abestia kantatu eta dantzatu zuten. 1, 2, 3, 4.