Bozeramale sozialistak ezjakintasuna leporatu dio udal gobernuari izan ere, bere ustez aurreko urtetan alderdi sozialistak egindako lan guztia ez du behar bezala aztertu. Gainera egokitzeko denbora bat behar izatea ulergarria da sozialistentzat baina dagoeneko gehiegi dela salatu dute "Udaletxea gelditzen ez den tren bat da eta ezin da hainbeste denbora utzi hau behar bezala gidatu gabe."
Gobernatzeko moduak
Sozialistak gobernuan izan diren urte guztietan egindako kudeaketaren harira, lan egiteko moduak besterik ez direla argitu du Zaballosek.
Orain arte udal barruko egiteko moduak alkatearen gehiegizko kontrolean oinarritzen zirela salatu zuen Pablo Barrio alkateak eta hau sozialistentzat, lan egiteko beste modu bat besterik ez da. "Guk alkatearen figura udaleko ordezkari gorena eta kudeatzaile nagusi bezala ulertzen dugu. Berak dauka udaletxean gertatzen den guztiaren ardura bai onerako, baita txarrerako ere eta horretaz gain, berari dagokio udal teknikari guztien lana koordinatu eta kudeatzea." Zaballosentzat oraingo gobernuaren funtzionatzeko era beste bat izatea nahi badute, beraiei dagokie barruko lan guztia euren irizpideen arabera gidatzea .
Dirulaguntzen gaiari helduz, gobernu sozialistarekin irizpiderik gabe banatzen zirela salatu zuen udal gobernuak. Egoera hau ekiditeko aurrerantzean neurriak hartuko zirela adierazi zuten eta horretarako ordenantza zehatz bat onartuko zutela. Sozialistek lan hori eginda dagoela diote. Aurreko legealdian diru laguntzen inguruko erreglamenduaren borradore bat aurkeztu eta onartu zuten eta "aplikatu besterik ez dute egin behar" hauen hitzetan.
Bere garaian Somotoko laguntzak ikertzeko lanak martxan jarri zirenean, kooperaziorako diru laguntzak banatzeko irizpideak ezartzea ez ezik, gainontzekoak emateko pautak jartzea eskatu zutela azpimarratu dute sozialistek. Izan ere, dirulaguntzen inguruko legedia nahiko berria zen eta "ez zigun denborarik eman ezartzen zen diru laguntzen inguruko ordenantza landu eta indarrean jartzeko."
2008ko aurrekontua
Ekonomian, 2008. urteko aurrekontuarekin segitzea, herentzia larria zela azpimarratu zuten udal gobernutik. Honela, 2011. urtea bukatzeko Plan Ekonomikoa egin eta 2012. urteko aurrekontuan lanean ari direla aurreratu zuten. Sozialistentzat gezurretan ari dira, "guk 2010. urterako aurrekontua eginda utzi genuen, oposizioak ez zuen onartu eta bertan behera geratu zen baina hor dute gure lana". Datozen urtetarako egindako aurreikuspenak ere gobernu berriaren eskuetan daudela dio Jesus Zaballosek.
2011. urteko aurrekontuaren borradorea hauteskundeak zirela eta ez aurkeztea erabaki zutela argitu nahi izan du talde sozialistaren bozeramaleak, "ulertzen genuen aurrekontuak onartuta, erabakiak hartzeko oso mugatuta aurkituko zela sartzen zen udal gobernu berria". Gainera oraindik hau aurkezteko berandu ez dela azpimarratu du.
Hiribusa
Hiribusaren zerbitzua ordaindu gabe egotearen arrazoia, gastu hau 2010eko aurrekontuetan zegoelako da. "Aurrekontua beste udal taldeek onartu ez zutenez, ezin izan zen zerbitzua ordaindu, ez zegoen horretarako beste partidarik".
Arrazoiak jakiteko alderdi sozialistarekin biltzeko eskaera egitea zutela adierazi du Zaballosek "edozein zalantza argitzeko prest gaude beti, baina publikoki gezurrik ez esatea eskatzen diogu gobernu berriari".