“Amantalen Ahotsa” ikuskizunean, 36ko gerra emakumearen ikuspegitik

Txintxarri 2011ko urriaren 5a

Euskal Herri osoko emakumeek 1936ko gerra eta gerra osteari buruz egindako kontaketak dira “Amantalen Ahotsa” ikuskizunaren ardatza, emakumezko bertsolari, kantari, aktore, dantzari eta musikari ezagunen parte hartzearekin batera. Urriaren 7an ostiralean arratsaldeko 8etan Victoria Eugenia antzokian estreinatuko den “Amantalen Ahotsa” lanean, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean besteak beste, Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria eta Ainere Tolosak hartuko dute parte.

Miren Artetxe, filologo, bertsolari eta Amantalak elkarteko kideak adierazi digunez ikuskizunak batera doazen bi parte ditu: batetik Ahotsak proiektuan gerra garai eta gerra ondorenari buruz emakumeei egindako ehundaka elkarrizketetatik hautatutako pasarte batzuek dira bizkarrezurra, eta bestalde, horien inguruan Euskal Herriko emakumezko musikari, kantari, aktore, bertsolari edota dantzarien prestatu dituzten saioak.
Besteak beste, Maialen Lujanbio, Oinkari dantza taldea, Amaia Zubiria, Kokein taldeko Zaloa Urain, Ain_1 taldeko Arianne Unamuno, Sorkunde Idigoras piano jolea, Arantxa eta Eli Ansa, Itziar Ituño, Ainere Tolosa, Sara Cozar eta Maite Bastos aktoreak parte hartu dute lanean. Batetik kalitatea ziurtatu nahi izan dute artista ezagunekin, baina bestetik artista berriei tokia egin diote.
Miren Artetxeren iritziz, bakoitzak bere ukitua eman dio ikuskizunari. Amonen hitzak erakusten dira, baina ekitaldi berria eta modernoa egin nahi izan dute:" Ez genion omenaldi itxurarik eman nahi, ikuskizunaren ardatza transmisioa izan dadila".
Jakina da gerra garaiaz eta ondorenaz ikasi eta aditutako ia dena gizonen ikuspegitik eta gizonen ahotsetik jaso dela eta emakumeek ere hartu zutela parte esaterako familiak aurrera eramaten, eta gizonek utzi zituzten lanak egiten. Hori isladatzen dute emakumeen kontakizunek eta denetik dago, pasadizo gogorrak, umoretsuak edo arruntak.
“Egia esan denetik dago, ez genuen nahi eta, ez melodramatik jo, ez erromantizismo hutsetik, ez ideializatze batetik, beraz iruditu zitzaigun interesgarriena zela beraiek zer kontatzen zuten ikustea eta tonu diferenteetan kontatzea”.