Kaixo irakurle! Iritzi-artikuluak idazteko aukera eskaini didate Txintxarriko lagunek, eta nire iritzi eta bizipenen berri emango dizut, ahalik eta egokien, zerbaitetarako baliagarria izango zaizulakoan.
Bizitza, alokairuan hartzen dugun esperientzia da. Ezer gabe joango gara, sortu ginen bezalaxe; lana, lagunak, bikotea, etxebizitza, dirua… ez ditugu gurekin eramango. Heriotzak gure lekuan jartzen gaitu, ezer ez baita betiko eta ezer gure. Orain daukaguna orain daukagu, eta bihar… ikusi egin behar! Beraz, zurekiko harremanak ere amaiera izango du, lehenago edo beranduago agur esan beharko dizut, hori baita kaixo esateak berarekin dakarren zorra.
Inoiz lagun on baten sorbalda gaina malkoz zipriztinduko dut, galtzen zaituztedanean, galduaren penaz eta eginaren pozez. Ez zait ba batere gustatzen filosofatzea!!! Ezagutzen nautenek ondo dakite hori.
Lotura emozionalak dira niretzat askatzen zailenak; Maitemina eta maitea behar izatea nahastu ditudanean, naizena bestearen izatean kokatu dudanean, nire buruarekin egotea bakarrik egotea dela sinetsi dudanean… Orain badakit maite ditudanak eta nautenak gertu behar eta nahi ditudala, baina nire burua maitatzeko ez dut inoren beharrik, edo ez nuke nahi, bederen.
Portzierto, plazer handia izango da irakurtzen nauzuela jakitea. Kostako zait onartua ez izatearen beldurra gainditzen, edo politikoki zuzena ez den iritzi bat defendatzen herriaren epaien aurrean, baina hori da nire erronka berria. Gogora dezadan: nor izateko eta uste dudana esateko ez dut inoren onespenik behar.