“Amantalen Ahotsa lanean 36ko gerra emakumearen ikuspegitik kontatzen da”

jon-altuna-iza 2011ko urr. 7a, 02:00
Miren Artetxe, filologo eta bertsolariak, "Amantalen Ahotsa" ikuskizunaren antolaketan dihardu eta berak eman digu gaur bertan arratsaldeko 8etan Victoria Eugenia antzokian estreinatuko den lanaren berri. Euskal Herri osoko emakumeek 1936ko gerra eta gerra osteari buruz egindako kontaketak dira ikuskizunaren ardatza, emakumezko bertsolari, kantari, aktore, dantzari eta musikari ezagunen saioekin batera. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritza artistikopean besteak beste, Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria eta Ainere Tolosak parte hartuko dute emanaldian.
Ahotsak proiektuan aritu da lanean orain gutxi arte, Miren Artetxe, irailean Garabide, hizkuntza gutxituekin lana egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundean hasi da, baina jarraitzen du Amantalak elkartean eta urriaren 7an ostiralean arratsaldeko 8etan Victoria Eugenian eskainiko den Amantalen Ahotsa ikuskizunaren antolaketan.

Zer da Amantalen Ahotsa?
Ikuskizunak batera doazen bi parte ditu, batetik bizkarrezurra dira Ahotsak proiektuan gerra garai eta gerra ondorenari buruz emakumeei egindako ehundaka elkarrizketetatik gidoi baten arabera hautatutako pasarte batzuek, eta bestalde, gidoi horri jarraituz, parte hartzen duten musikari, kantari, aktore, bertsolari eta dantzarien saioak.

Zuk konkretuki zer egin duzu?
Ni antolakuntza batzordean nabil. Ideia sortu zenean Ahotsak-en nenbilen lanean, hasieran lankide batzuen arteko kontua zen eta geroztik lana aldatu dut, baina proiektuaren antolakuntzan jarraitu.

Gerra eta gerra oste garaiak kontatzen dira emakumearen ikuspegitik?
Konturatzen ginen gerra garaiaz eta ondorenaz ikasi edo aditu genuena, soldaduak, frentea, produkzio industriala,... dena delakoa, gehienbat edo ia ia dena gizonen ikuspegitik, gizonen ahotsetik eta gizonek bizitakotik jaso genuela. Aldiz, politika eta frente kontuetaz kanpo bada beste aspektu bat: etxeetan jan egin behar zen, lo,... sostengu lana emakumeek egin zuten; emakumeak eta gerra aipatu izan direnean, badirudi beti soldadu bezala gerrara bolondres joandako emakumearen istorioa kontatu behar zela, baina berez emakumeek egunero hartzen zuten parte familiak aurrera eramaten, emakumeen esku zen familia askoren kohesioa...

Gizonak gerrara joaten baziren, etxeko edo baserriko lanen kargu emakumeak ziren,...
Bai, eta gizonak elbarri itzultzen baziren emakumeek egiten zuten beraien lana ere. Hor zeuden: gizonek bezala informazioa maneiatzen zuten, ezker eskua erabili behar izaten zuten, herrietan bizitza ez zen erreza, eta konplexutasun guzti horren barrenean emakumeek ere bere papera bete zuten.

Kontakizunak, gogor xamarrak al dira? Hunkigarriak, agian?
Egia esan denetik dago, ez genuen nahi eta, ez melodramatik jo, ez erromantizismo hutsetik, ez ideializatze batetik. Beraz interesgarriena beraiek zer kontatzen zuten ikustea eta tonu diferenteetan kontatzea zela iruditu zitzaigun. Badaude umorezko pasarteak, badaude tragikoak eta badaude tribialak, hutsalak, arruntak, liratekeenak. Adibidez batek dio: "nire anai guztiek badakite igerian, eta nik ez, ze emakumeek ez genuen igeri egiten ikasten". Besterik gabe. Baina izan daiteke gerrako pasadizo gogorren bat, edo graziosoa ere bai.

Oinarrian beraz Ahotsak.com web gune eta proiektua dago. Zein iritzi duzu proiektuari eta egiten duen lanari buruz?
Esango nuke beste ezer baino lehenago beharrezko lan bat dela. Azken batean gurekin gaur egunean bizi den generaziorik zaharrena da, ez bakarrik gerra ezagutu duen azken generazioa, baizik eta euskara ia hutsean bizi izan den azken generazioa, eta ahozkotasun ia hutsean bizi izan den azken generazioa. Alegia, eskolan hasi ginenetik formatu idatzian jaso dugu informazioa, eta idatziz maneiatzen ditugu oraindik notiziak edo dena delakoa, bilerak eginez gero akta idatziz jasoko dugu; ez gara buruz horren laburpen bat egiteko kapazak, jendeari kontatu, hauek buruan gorde eta horrekin lana egiteko. Eta gure aiton amonak horrela bizi izan dira ia beraien bizitza guztian, ahoz eta euskaraz, eta guk baino kapazitate askoz handiagoa dute zenbait gauzatan. Ondare eta aberastasun handia da hori.

Gaur egun irakaspen bat izan al daiteke ordukoa, amona hauek kontatzen dutena?
Niretzat bai. Zein garen jakiteko nondik gatozen begiratzea lehenengo pausua da edo pausu bat behintzat bai.

Amonen hitzak dira, baina zerbait berria eta modernoa egin nahi izan duzue...
Kontua da, ez geniola omenaldi itxura klasikorik eman nahi, hasieratik ikuskizun bezala planteatu genuen eta ardatza transmisioa izatea nahi genuen: Gaia, beraiek transmititu digutena eta transmititu ez digutena, izatea eta ez besterik gabe monografia bat, 36tik 70. hamarkadara, hau pasa zen eta hau bizi izan zen.
Ez. Nola bizi du Maialen Lujanbiok oholtza gainean hori? edo fadoak kantatzen dituen Soraluzeko emakume batek? edo zer lotura dauka horrekin Amaia Zubiriak? Bakoitzak bere ukitua ematea nahi genuen.

Victoria Eugenian estreinatuko duzue ostiralean, gero beste emanaldirik egiteko asmorik?
Eskaintzak jasotzen ari gara, baina oraingoz egun horretarako pentsatu eta diseinatu den ikuskizuna da; artista edota antolatzaileei ere egun baterako konpromisoa eskatu zitzaien. Orduan, aztertuko ditugu, baina hori dena larunbatetik aurrera izango da.

Artisten artean, zer nabarmenduko zenuke?
Ezagunenak Maialen Lujanbio bertsolaria, Amaia Zubiria kantaria, Ainere Tolosa, Maite Bastos eta Itziar Ituño aktoresak dira, baina aldi berean azpimarratuko nituzke Ariadne Unamuno eta Ain1 taldea. Ez dira hain ezagunak, baina sorkuntza propioa egingo dute ekitaldi horretarako eta aukera polita da ezagutzeko. Batetik kalitatea ziurtatu nahi izan dugu baina bestetik artista berriei tokia egin ere bai.

Amantala elkartea sortu duzue?
Gure ikuskizunak euskarri juridikoa izateko sortu genuen, laguntzak eskatu ahal izateko.

Ahotsak izeneko emakumeen beste talde bat ere izan zen, alderdi-ideologia politiko askotakoak elkartu ziren Euskal Herriko gatazkari irtenbidea bilatzeko, hitz eta lan egiteko...
Ez dauka inolako loturarik. Ahotsak.com proiektuan lanean ari ginenok Amantala hartu genuen hasieratik sinbolo bezala, eta horrela deitu genion elkarteari. Gero ikuskizunari izena jarri behar genion eta berez etorri zitzaigun Amantalen Ahotsa.