Zubietako I. Mendi Duatloia larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 7a

Euskal Herria Kirola Erakundearen eta Zubieta Lantzen taldearen laguntzaz Zubietako I. Mendi Duatloia jokatuko da larunbatean 16:00etatik aurrera. Antolatzaile lanetan ibili den Endika Gartzia herritarrarekin bildu gara probari buruz gehiago jakiteko.

Hiru eremu

Endikak azaldutakoaren arabera, Zubietako probak hiru eremu izango ditu. Irteera eta helmuga Zubietako udaletxe aurrean izango dira.
Lehengo 4,8 kilometrotako mendi lasterketa izango dute Santuenea aldera egin eta mendian sartuta.
“Lehenengo 2 kilometroak nahiko lauak dira, beti gorako aldapa bat dago,” adierazi du.
Bigarren eremuan, mendi bizikletaren zatia izango da, honetan 15Km egingo dituzte Hipodromorantz Errealaren zelai aldera.
“Bi itzuli dira eta teknikoki ez zaila. Bizikleta gainean egiteko modukoak dira ibiltzen den jendearentzat. Azken zatia gogor xamar egin daiteke, baina fisikoki ongi prestatua dagoen pertsona batek ez du arazorik izango,” aipatu du Endikak.
Hirugarren zatian, 2,5 kilometrotako lasterketa egin behar dute. Zubietatik Araeta jatetxera igo eta ezkerrean dagoen baserri aurretik bidea hartu eta behera egingo da. Gero bidegorritik berriro Zubietara bueltatzeko.
“Hau alfaltoan izango da. Ez da zaila, aldapa pixka bat igo behar da. Baina gehiena laua da. zirkuitu honi bi buelta eman behar zaizkio,” azaldu du.
Endikak onartu duenez, “fisikoki prestatua egon behar da proba bukatzeko”.
Hala ere, partehartzaileek helmugan indarrak berreskuratzeko “fruta, yogurrak, edariak” izango dituztela jakin arazi du.

Mendi Duatloi Zirkuitua

Zubietako proba aurten sortu den Euskal Herriko I. Mendi Duatloi zirkuituaren barruan dago.
“Lasarten bi aldiz egin genuen duatloia. Arriarangoek ere bi urtetan egin dute. Eta Ibarrako jendea ere animatu zen. Denon artean mugitzen hasi ginen zirkuitu txiki bat egiteko asmoz eta azkenean zortzi proba batu ditugu,” azaldu digu Endikak.
“Euskal Herrian, Iparraldean izan ezik, kokatzen dira: Gipuzkoan lau, Bizkaian bi, Araban bat eta bestea Nafarroan,” aipatu du.
Dagoeneko bi proba egin dira, Ibarra eta Arriaranen eta Endika Gartziak hirugarren postua du sailkapen nagusian.

Euskal Herriko txapelketa

Era berean, lasterketa hau Euskal Herriko Txapelketa ere izango dela adierazi du.
Txapelketan hiru maila izango dira, 23 urte azpikoa, elite eta 40 urte gaineko master 40 maila bai gizon, baita emakumeetan ere.
Hala ere, “denentzat irekia dagoen proba da, beti ere 16 urte gorakoa bada. Probak berez ez du inongo klasifikazio berezirik. Gainera, edozein izan daiteke Euskal Herriko txapeldun,” aipatu du.
Euskal Herriko I. Mendi Duatloi zirkuituko lehenengo bi probetan “aurrean ibili den jendea egongo da, baina inguruko jende popularra ere.”

Sariak

Sariei dagokionez, lehen hirurentzat, neska eta mutil, diru sariak egongo dira.
Bestalde, Euskal Herriak kirolak erakundeak trofeoak eta txapelak emango dizkie Euskal Herriko txapeldunei.
Honetaz gain, hainbat zozketa izango dira partehartzaileen artean: afariak, parapenteko hegaldiak, kirol material, etab.

Izena ematea

Proban izena eman nahi duenak gaur du internet bidez egiteko azken eguna, “mendiduatloia.com orrialdean egin behar du eta inskripzioko 15 euroak orrialdean aipatzen den kontu korronte zenbaki batean sartu behar ditu.”
“Gehienez 190 edo 200 pertsonarentzako tokia dago. Eta pixkanaka jendea mugitzen doa,” aipatu du Endikak.
Dena den probarako plaza libreak geratuko balira, egunean bertan ere izena emateko aukera izango dela azaldu du herritarrak, “14:00etatik aurrera dortsalak banatzen egongo gara. Orduan eman dezakete izena, 15:30ak baino lehen.”