Gabonetako Haur Parkearen sarrera eta taberna, herriko taldeen esku

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 7a

Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak sailak, herriko irabazi-asmorik gabeko talde eta erakunde ezberdinei, kirol eta kultura taldeei, elkartasun erakundeei eta horrelako elkarteei aukera eskaini eta gonbidapena luzatu diete abenduan Michelingo pilotalekuan antolatu ohi den Gabonetako Haur Parkeko (GHP) taberna eta sarrera salmenta kudeatzeko. Lan hori herriko elkarte horietako bati emango dio Udalak eta sos batzuek ateratzeko modua izango dute.
Esan bezala, talde hauek gure herriarentzat burutzen duten lana aintzat hartuaz, Gobernu taldearen helburua hauetako talde bati diru sarrera extra bat eskaintzea litzateke. Era honetara, haien lana erraztuz.
“Eskaintza hobetzera eramango duen aukera bat litzatekeela pentsatzen dugu” adierazi dute Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak saileko ordezkariek.

Ardurak

Hautatutako elkartearen arduren artean izango dira GHP-ko sarreraren kontrola eta tabernaren kudeaketa. Sarrerak, Gazteria, Festak eta Kirolak sailak emango ditu eta helduei salduko zaizkie euro baten truke.
Tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa, berriz, taldearen ardura izango da eta irabaziak, oso osorik jasoko ditu taldeak.

Baldintzak

Sailak ohartarazten du, 11 eguneko lana dela bertan burutu beharrekoa. Eta horregatik, interesaturik leudekeen taldeek, lanerako giza baliabide nahikoa izango dutela aurrez justifikatu beharko dute.

Prozedura

Tasio Arrizabalagak saileko arduradunak jakin arazi duenez, deialdi zabala egingo zaie herriko hainbat talde eta erakundeei.
Interesaturik dauden taldeak, urriaren 15a baino lehen erantzun beharko dute Udaletxeko erregistroan haien eskaria sartuta.
Eskarian, diru horrekin burutuko liratekeen ekintzak edo proiektuak zein izango diren argi eta garbi zehaztu beharko da.
Proiektuek oniritzia jaso ostean, talde guztien zerrenda bat burutuko da, eta 2011. urteko Gabonetako Haur Parkearen kudeaketa nork burutuko duen erabakitzeko, zozketa bat egingo da.
Zerrenda ondorengo urteetan ere kontutan hartuko da, urtero organismo edo talde ezberdin bati, ordenaren arabera, eskainiko zaiolarik Gabonetako Haur Parkearen kudeaketa.