Itxaropena Alduntzin diputatuaren adierazpenen ostean

Txintxarri 2011ko urriaren 10a

GZZk, sortu zenetik, hondakinen arazoari aurre egiteko arazoaren erroetara jotzea eskatu du, zaborra sortzea eragiten duten mekanismoak ezabatzera hain zuzen. Kezka handiz ikusi dugu, orain arte hondakinak kudeatzeko planak egin dituztenek, arazoari irtenbidea emango liokeen eredu bat bilatu beharrean, zenbait industria sektore indartsuren negozio gosea nola asetuko jardun direla. Benetako irtenbidea bilatzen ahalegindu ez, eta gainera ahaleginean aritu direnei oztopo bat bestearen atzetik nola jarri dieten ikusi behar izan dugu. Konpostatze plantan prezio garestiagoak ordainarazita, epaitegi bidez konpostatze planta gehiago eraikitzeko proiektuak geldiarazita, salaketak jarrita, Hernaniko atez ateko bilketa sistema gerarazi nahian egin zuten bezala, hedabideen eskutik atez ateko sistemaren inguruan gezurrak bata bestearen atzetik zabalduta...
Errausketak, kutsagarria eta garestia izateaz gain, ez dio inolako irtenbiderik eskaintzen hondakinen arazoari. Errausketak beharrezkoak ditu, plastikoa, papera eta materia organikoa negozio errentagarria izan dadin. Zuzen zuzenean lehiatzen du ahalik eta hondakin gutxien sortu eta materialeen berreskurapenean oinarritzen den zero zabor ereduarekin. Halaber, errausketak etxe ondoan inork nahi ez dituen zabortegiak behar ditu, erretzen duenaren heren bat bertan geratzen baita zabor toxiko eta arriskutsu moduan.
GZZk maiatzeko hauteskundeen ondoren, errausketarentzat MORATORIA eskaera egin zien Gipuzkoako erakunde osatu berriei. Moratoria hain zuzen, "munduan zehar emaitza onak ematen ari diren sistemak hemen ezartzeko aukera izateko" genion hitzez hitz.
Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatuak joan den astean egindako adierazpenak ildo horretan ulertzen ditugu. Itxaropentsu hartu ditugu hitzok, eta bide horretan laguntzeko gure prestutasun osoa azaldu nahi dugu. Orain artean oztopoak ez dira makalak izan, eta aurrerantzean ere erraza izango ez dela jakitun gara, baina horrek ez du arazo larri honi irtenbide txukuna emateko gure ahalegina etsiaraziko.
Gipuzkoa, Zero Zabor lurralde izatea lortu behar dugu. Hori, erakunde, eragile eta banakako herritarren partehartzearekin, guztiak norabide berean jarriz lortuko dugu. Oso garbi daukagu informazioak eta datuek arrazoia ematen digutela, eta zenbat eta jende gehiagok horren berri izan, geroz eta gehiago izango garela zaborrik gabeko etorkizun baten alde ekitera bilduko garenak. Alduntzinek aipaturiko gogoeta tarte horrek berebiziko garrantzia dauka, munduan zehar osasuna, ingurumena eta ekonomia orokorra lehenetsiz praktikara eraman eta emaitza onak lortzen ari diren esperientziak aztertu eta Gipuzkoara egokitzeko.

Gipuzkoa Zero Zabor