Aisia euskaraz gozatzeko... Ludoteka, Gazte kluba eta Kuadrillategi

Nerea Eizagirre 2011ko urriaren 10a

Lasarte-Oriako haur eta gaztetxoak zorteko dira, gure herrian Ttakun kultur elkarteak duen aisia eskaintza dela eta.
Lagun berriak egin, ongi, pasa, esperientzia berriak bizi, irteerak... Hori guztia egin dezakete txikienek Amaraun ludotekan astelehenetik ostegunera; gazteenek, ostiraletan Gazte kluban eta helduagoek Kuadrillategin.

Ludoteka

Amaraun Ludoteka, astelehenetik ostegunera, 17:00etik 20:00ra, jolas egiteko gunea da, hazteko eta amesteko lekua.
Honetan 2-8 urte bitarteko gaztetxoek dute parte hartzeko aukera. Bi programazio ezberdin prestatu baitituzte arduradunek adinei egokitutakoak; alde batetik 2-4 urte bitartekoentzat eta beste bat, 5-8 urte dituztenentzat.
HH2 eta HH4 maila bitarteko “haurrek jostailuekin ibiltzeko inguru segurua dute. Honetaz gain, jolasak egiten dituzte, indibidualak eta taldekoak,” azaldu digute Ludotekako arduradunek.
HH5 eta LH2 mailako gaztetxoenen programazioak aurten jolasak eta ohiko tailerrez gain, argazkigintza eta sukaldaritza, bi berrikuntza dakartza.
Astelehenetan taldeko ariketa jolasak izango dituzte, hala nola, hockeya, saskibaloia...
Eta asteazkenetan, aldiz, arte txokoa egingo da, 17:30ak eta 19:30ak artean. Honetan haurrek eskulan bereziak egiteko aukera izango dute. Erabiliko diren materialetako batzuk egurra edo xaboia dira.
Honetaz gain, haur guztiek larunbata goizetan ekintza berezietaz gozatu ahal izango dute eta hilabetean behin ipuin kontalaria izango da Amaraun Ludotekan.

Bermeak

Honetaz gain, Amaraun Ludotekako kide izateak hainbat berme ekartzen dituela azpimarragarria dute arduradunek.
Ludotekan izena ematen duten haurrek zuzenean lortzen dutela Amaraun klubeko bazkidetza.
Beraz, urtean hirutan klubeko aldizkaria iritsiko zaie etxera, honetaz gain, klubeko produktuak eskuragarri izango dituzte eta klubeko ekintzetan parte hartu ahalko dute, hala nola, Amaraun jaialdian.
Era berean, Ludotekan dauden jostailuen mailegu zerbitzua erabili dezakete eta begiraleen aholkularitza izan dute.
Gainera, Gabonetako eta Aste Santuetako Txokoetan %10eko beherapena izango dute.

Izena ematea

Amaraun Ludotekako hiruhilabeteko matrikula 44 eurotako da eta Ttakuneko bulegoan egin behar da.
Informazio gehiago nahi duenak www.ttakun.com web orrialdean, Ttakun-eko bulegoan edo Amaraun Ludotekan eskuratu dezake.
Gainera gogoratu, inskripzioa egin baino lehen "umeak inongo konpromisorik gabe ludoteka ezagutu, probatu dezaketela".

Gazte kluba

Gazte klubari dagokionez, berrikuntzak dakartza. Ostirala arratsaldean 17:30etik 19:30era batuko dira 8 eta 12 urte arteko gazteak, baina leku bereizietan. Izan ere, aurten bi programazio ezberdin izango baitira.
LH3 eta LH4 mailakoek Ludoteka izango dute jolas leku. “Bertan jolas kooperatiboak egingo dituzte. Hauek partehartzaileak dira eta eliminatzea ez dakartenak, balio garrantzitsuak lehenesten dituzte eta taldeari garrantzia ematen diete,” azaldu dute antolatzaileek.
Hamaika eta hamabi urte tarteko gaztetxoek berriz lokal berria estreinatuko dute, Erribera kalea 2an, hau da, liburutegi zaharrean egongo da.
Bertan, lagun taldeari ematen zaio indarra eta ekintzak egiten dira hau sendotzeko.
Eta hau guztiaz gain, hamabost egunero ekintza bereziak izango dituzte larunbatetan.
Lehenengoa urriaren 15an izango da. Pintxo txapelketa berezian partehartzeko aukera izango dute Ludotekara, 16:30 eta 18:30ak artean, hurbiltzen diren gaztetxoak.

Kuadrillategi

Helduagoek ere, 13 eta 16 urte arteko gazteek bere lekua dute, Kuadrillategi.
Honetan ere bi talde bereizi dira, DBH1-DBH2 eta DBH3-DBH4, eta astean behin bi orduz Iñigo de Loyola kaleko Gazte lokaleAn bilduko dira, oraindik zehazteko dagoen egunean. “Lagunen taldeak apuntatu behar dira. Izan ere, lagunarteko hori landuko da hainbat ekintza eginez,” azaldu dute antolatzaileek.
Gazteekin programazio adostu eta haien proposamenak aintzat hartzen dira. “Egutegia, bikoiezpen edo body paint tailerrak egin ditugu,” aipatu dute.
Eta hauek ere ekintza bereziak egiten dituztela azpimarratu dute arduradunek.
“Abenduan gabonak aldera eskiatzera egiten da irteera, inauterietan desfile erraldoian parte hartzen dugu... Honetaz gain, KTG festa egiten da beste herrietako Kuadrillategi taldeetako gazteekin. Iaz, esate baterako, Bidarrain egon izan ginen. Bertan rafting-a egin genuen,” azaldu digute.
Hurrengo Kuadrillategiko bilerak ostiralean izango dira, DBH1-DBH2 15:30ean eta DBH3-DBH4 17:30ean.