Herrietan ibilbide zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak jarriko dira eta bideetan norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Aurreko edizioetan bezala, seinaleak udalerri bakoitzaren identifikazio kolorea aintzat hartuz ipinita egongo dira. Lasarte-Oria urre zaharraren kolorez, Urnieta berdeaz, Usurbil laranjaz eta Andoain urdinez adierazita egongo dira.
Andoain eta Lasarte-Oria lotzen dituen ibilbidean urdina eta urre zaharra izango dira; 7,9 kmko luzera du eta oinez soilik egin daiteke.
Andoain eta Urnieta ibilbidea urdina eta berdez irudikatuta ikusiko dugu. 4,8 kmko luzera du eta oinez zein bizikletaz egin daiteke.
Andoain eta Usurbil urdinez eta laranjaz irudikatuta ikusiko dugu. 14,9 kmko luzera du (luzeena), eta oinez soilik egin daiteke.
Lasarte-Oria-Urnieta ibilbidea, urre zaharra eta berdez ikusiko dugu seinalatuta. 3,9 kmko luzera du, eta oinez zein bizikletaz egin daiteke.
Azkenik, Lasarte-Oria eta Usurbil elkartzen dituen ibilbidea dugu. 4,5 kmko luzera du (Santuenearaino) eta oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Umeentzako deialdia
Ostadar elkarteak aurtengo honetan parte hartzeko deialdi berezia egin die Landaberri ikastolako umeei. Nahi dutenek 10:00etan San Pedro elizan hitzordua dute hemendik hasita elkarrekin ibilbide zati bat egiteko.
Buruntzaren magaletik Lasarte-Oria eta Andoain arteko zatia egiteko asmoa dago. Antolatzaileen ustetan bi orduko iraupena izango du ibilaldiak eta ondoren herrira bueltatzeko autobusa hartuko dute. Izan ere, aurten ere doako autobus zerbitzua egongo da.
Ostadarreko arduradunak izango dira bertan haurrak gidatu eta zaintzeko, hala ere, gurasoek parte hartu nahi badute, aukera izango dute gurasoek ere beraiekin joateko.
Autobusak doan
Topaketaren amaieran autobus zerbitzua eskainiko da, partaideak euren herrira itzultzeko. Aurrekoetan bezala zerbitzu hau erabili ahal izateko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu beharko da. Ordutegia ezberdina izango da; eta Usurbildik atera, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietara joko du. Ondoren buelta berriro.
Lasarte-Orian Dorretxeko biribilgunean izango da geltokia. Autobusak 12:15, 13:15 eta 14:15ean irtengo dira bertatik.
Usurbilen, udaletxe aurrean, Nagusia 22n izango da geltokia. Ordutegia, 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan.
Andoainen Goiko plazaren atzealdetik irtengo da autobusa. 12:30, 13:30 eta 14:30ean izango ditu irteerak.
Azkenik, Urnietan kioskoko geltokian hartu ahal izango da. Autobusak, 12:40, 13:40 eta 14:40ean. Azken autobus honekin zerbitzuaren amaiera izango da.