Txintxarri Dolomitetara iritsi da udan

maider-azurmendi 2011ko urriaren 10a

Mendizaletasun handia dago Lasarte-Orian. Herritar batzuk izan dira uda mendian pasatzea erabaki dutenak horregatik, hauek bizitako zenbait abentura jasoko ditugu datozen aleetan. Kasu honetan Alpetako Dolomitetan ibili diren Alex Tetuan, Txomin Otaegi, Txetxu Martxan eta Tomas Maiz-en nondik norakoak ditugu hizpide.

Lau lasarteoriatar ibili dira uda honetan Alpetan. Zehazki Dolomitetan egon dira Alex Tetuan, Txomin Otaegi, Txetxu Martxan eta Tomas Maiz. Hamalau eguneko txangoa eta esperientzia polita izan da lau lagunentzat.
Mendizaletasuna dute komunean eta urteroko Pirinioetarako irteera aurtengoan luzatzea erabaki zuten. Ohiturari jarraiki, udan bost edo sei egun Pirinioetan egitea pentsatuta zuten laurek baina plana aldatu eta bidaia luzeagoa egiteko aukera zegoenez, Alpetara joatea erabaki zuten azkenean.
Dolomitetan mendian ibili eta eskalatzeko aukera dago eta horrela bi planak egin ahal izan zituzten Tomas Maizek azaldu bezala "Alex eta Txomin eskalatzea gogoko dutenez, hauek mendiak eskalatzen igotzen zituzten eta guk mendi berdinak bidetik egiten genituen."

Paisaia ederra

Ertzak edo aristak dira gailurrak Dolomitetan, "harkaitzak izugarriak dira" baina Europako txoko honetatik hainbeste jende ibiltzen denez, igotzeko ondo prestatuta daude mendiak eta kableak, sokak baita eskailerak ere aurkitzen dira zati zailenetan.
Jende asko gerturatzen da bere edertasuna dela eta turismoa egitea. Tomas Maizek azaltzen duenez, kasu askotan bertatik dabilen jendeak ez ditu mendiak igotzen, hauen magaletik dauden ibilbide ugarietatik paseatzen dute soilik. Lehen Mundu Gerran Italia eta Austria-Hungariako Inperioko armaden arteko frontea Dolomitetan egon zen horregatik, "zenbait tokitan mendia zulatuta dago eta haitzean egindako labirintoak daude, trintxerak izandakoak. Oso deigarria."
Paisaia benetan ederrak direla kontatzen du Tomas Maizek, haran politak bai mendiak halakoak direlako, baita aurkitzen diren herrixkak oso koloretsuak eta zainduak daudelako ere. Inguru hau txirrindularitza jarraitzen dutenentzat ezaguna da bertatik pasatzen baitira Giro-ko hainbat etapa, "bizikleta zaleentzat leku ezin hobea da bideak 2.200 metrotako altuerara iristen dira".

Gizakiaren eragin handia

Mendizaleen artean oso puristak direnak ez daude Dolomitetan egindakoekin ados, izan ere Maizen hitzetan, kablea, eskailerak eta telesillarekin gizonak gehiegizko eragina izan duela uste dute askok, paisaia eta mendia aldatuta dagoela diote.
Dena den, mendizaleentzat oso prestatuta egon arren, ibilbideak etxetik prestatuta eraman zituzten "Alexen lagun batzuk egonda zeuden eta joan aurretik liburu batzuk pasa zizkiguten ibilbideak prestatu ahal izateko. Pirenaica aldizkaritik ere zenbait artikulu kontsultatu genituen".
Egun gehienetan Gardeccia-tik abiatu ziren helmugara eta eguraldi ona lagun, hamar ordu inguruko mendi irteerak egin zituzten eta tontor bat baino gehiago. Garaiena Dolomitetako erregina, Marmolada di Penia.
Bertako mendi-aterpean Arrasaten bizitako zaindari bat zegoen "euskaraz ari ginela entzutean kafe bat hartzera gonbidatu gintuen bertan, 3.300 metrotan." Bertan dago Dolonmitetako glaziar bakarra.

Txintxarri Dolomitetan

Ibilaldiak martxa lasaian egin zituztela esaten du Maizek, "lasai igotzea atsegin dugu, mendia disfrutatu eta tartean argazki bat edo beste atereaz." Mendian asko ibiltzen direla azpimarratzen du Maizek, "gorputza prestatuta egon behar da maldan gora ondo ibili ahal izateko eta kasu honetan maldaz gain, gailurreraino ibilbide luzeak egiteko". Izan ere, denetatik ikusten omen da mendian gaur egun.
Deigarria gertatu zitzaien bertan beste euskaldunik ez topatzea "Triana auzoko Sevillako batzuk ezagutu genituen baina mendizale euskaldunik ez inguruan".
Modu honetako beste irteera luze bat egitea zaila izango da lau lagunentzat batez ere familia eta lan kontuak direla eta.
Hala ere betiko martxan jarraitzen du lagun koadrilak asteburutan inguruko mendietara egiten dituzte txangoak eta horretaz gain, mendi martxa luzeetan parte hartzen dute, maiatzean lasarteoriatarrek antolatzen duten 14 ordukoaren tankerakoak.
Koadrilak Dolomitetara Txintxarri eraman zuen eta gure aldizkaria han egon zelaren lekuko argazkia Tossa gailurrean.