Ibilbide makurra
Printzipioz ibilbidea xamurtzat hartzen bazen ere, lasterkari askok aipatu zuten froga amaitzean gogorra egin zitzaiela.
Izan ere, lehendabizi 4,9 kilometroko zirkuitua osatu behar zuten korrika; ondoren, mendiko bizikleta hartu eta 6,5 kilometroko barrutiari bi itzuli eman behar zizkioten; azkenik, 2,6 kilometro korrika egin eta helmugako marra zeharkatzen zuten. Errosarioa bailiran iristen ziren lasterkariak Zubietara, banan bana eta aurpegiko keinu okerrek pairatutako sufrimenduaren berri ematen zuten.
Eguraldia protagonista
Eguraldia larunbatean pattal antzean esnatu bazen ere, arratsaldean hobera egin zuen. Albiste ona izan zen hori duatloilarientzat, nahiz eta mendi bizikletan egin beharreko ibilbidea nahiko lokaztua zegoen larunbat goizeko zaparradengatik.
Horrek are gogorragoa egin zuen berez gogorra zen proba, eta nekea nabaria zen kirolarien aurpegietan helmugara iristen zirenean.
Protagonisten hitzak
Jon Erguin irabazlea, gustura zegoen behin Zubietako proba amaituta: "Gogor lan egin behar izan dut, asko eman behar izan diet pedalei eta azkenean, nahiko erraz irabazi dut".
Izan ere, Luis Maria Urizar bigarren sailkatuari hiru minututik gorako aldea atera zion eta Endika Gartzia hirugarren sailkatuari berriz, lau minutu eta erdikoa. Hala ere, Zubietako mendi duatloia, neguko triatloiak prestatzeko egin zuen urteko "helburua" baitira beretzat.
Bestalde, Endika Gartzia duatloilaria eta antolatzailea aldi berean, kontent zegoen lasterketak emandakoarekin: "Oso balorazio ona egiten dugu, jende asko bertaratu da eta lasterkariei zirkuitua gustatu zaie, gogorra izan arren". Gainontzean, "inongo arazorik" eduki ez zutela azpimarratu zuen Lasarte-Oriako kirolariak.