Gpuntuko final laurdenetan da Otamendi

jon-altuna-iza 2011ko urr. 10a, 02:00
Andoni Otamendi Lasarte-Oriako bertsolariak Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako final laurdenetako txartela eskuratu zuen Kultur Etxean egin zen kanporaketan saio borobila osatu eta gero. Uxue Alberdiren atzetik bigarren izan zen herriko bertsolaria eta urriaren 22an Oñatin hasiko diren final laurdenetan izango da. Bestalde, Ane Labaka, Unai Muñoa, Amaia Agirre eta Unai Gaztelumendi Ttakun kultur Elkarteko bertso eskolan elkartzen diren bertsolariak ere izango dira hurrengo fase horretan.
Bete egin zen ia erabat Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusia larunbat arratsaldean Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako final zortzirenetako kanporaketa ikusteko.
Andoni Otamendi herritarrak etxean kantatu zuen, eta ariketa guztietan aritu zen ondo. Azkenean 484,5 puntu eskuratu zituen, Uxue Alberdiren atzetik bigarren eta final zortzirenetan kantatu duten guztien artean 9. puntuaziorik onena.

Emakumeak oholtzan

Kanporaketa historikoa izan zen kultur etxean larunbatean jokatu zena. Eskola arteko txapelketetan gertatu ohi dena ikusi zen oholtza gainean, parte hartzaileen artean mutil baino neska gehiago izaten direla. Lau ziren emakumezko bertsolariak, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Iguaran eta Amaia Iturriotz, eta beraiekin batera Andoni Otamendi eta Iñaki Apalategik kantatu zuten.
Oro har saio ona izan zen larunbatekoa eta kantatu zuten sei bertsolarietatik lauk lortu zuten aurrera egiteko txartela, Alberdi, Otamendi, Agirreazaldegi eta Apalategik.
Aipagarri da bestalde, Uxue Alberdik berriro txapelketari heldu diola ama izan eta gero, eta kasualitatez, egokitu zitzaizkion lehen bi gaietan amaren paperean kantatu behar izan zuen. Iparragirreren doinuan, duela urte bete haurra hil zitzaien bi guraso izan ziren Iñaki Apalategi eta biak, eta hark eskela jarri nahi zuen bitartean Uxuek ez zuen jarri nahi.
Gero, Espainiako selekzioaren kamiseta nahi zuen Andoni Otamendi umearen ama izan zen Uxue Alberdi. Oso saio polita osatu zuten zortziko txikian eta biek lortu zituzten punturik gehien. Andonik beste behin ere kantatu zuen guraso paperean, Ainhoa Agirreazaldegirekin batera minbizia duen ume baten guraso izan ziren eta hor ere bikain aritu zen. Bakarka, kartzelan, "Egunkaria ireki eta bere argazkia ikusi duzu. Ez zenuen horrelakorik espero" gaiarekin. Aitzol Iriondo bertso eskolako lagunari kantatu zion, ongi etorria egingo zitzaiola eta beste preso guztiak ere askatuko dituztela aipatuz.
Agurrean muxu bat bidali zien Andoni Otamendik bertso eskolako kideei eta ikusleen txaloak ere bertso eskolari eskaini. “...bertso eskolari, ... aurten urtemuga daukanari, ...20 urte herrian kantari, ... ilusioa eta gogoa gidari, ... zuen txaloak eta muxu hau opari” kantatu zuen besteak beste.

Labaka eta Muñoa aurrera

Ane Labaka, Unai Muñoa, Amaia Agirre eta Unai Gaztelumendi ere sailkatu dira final laurdenetarako.
Asteburu honetan jokatu dira azken final zortzirenetako bi kanporaketa erabakiorrak eta aipagarri da Unai Muñoak azken unera arte itxaron behar izan duela bera izan baita puntuen arabera sartu direnen zerrendan azkena.
Ozta-ozta, baina bigarren aukera izango du bere helburua lortzeko, duela lau urte bezala final erdietan sartu eta Euskal Herriko txapelketako txartela eskuratzea, alegia.