PSE utzi du Marisa Zubiri zinegotziak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 11

Gaur, urriaren 11, 18:30ean, hasiko da udaletxean urriko ohiko bilkura. Udalak aurreratu duen gai zerrendaren arabera jende aurreko udal batzar honetan, hamar gai jorratuko dira, besteak beste, kirol zerbitzuen araudian aldaketa, eta zabor bilketari buruzko PSEren proposamena.
Ohiko bilkura Marisa Zubiri PSEko zinegotziaren idatziarekin hasiko da. Honetan talde sozialista uzteko erabakia publiko egin eta adskribatu gabeko zinegotzi izatera pasatzen dela jakinaraziko du. Honen harira, aldaketak egongo dira batzorde informatibo ezberdinetarako talde sozialistak izendatutako ordezkarien artean.
Bestalde, astearteko bileran, "A-34 Goiegiko Ibarra" HIE urbanizatzeko jarduketa programaren lehenengo aldaketari behin betiko onespena emango zaio, eta hasierako onespena berriz, kirol zerbitzuen araudi orokorraren aldaketari.
Kirolarekin jarraituz, kirol zerbitzuak elkarrekin emateko Buruntzaldeko udalek izenpetutako lankidetzarako hitzarmenaren aldaketaren onespena ere egingo da batzarrean.
Alkatetzatik egingo diren proposamenei dagokionez, batetik Euskal Fondoan udalaren ordezkaria Pablo Barrio alkatea bera izatea proposatuko dute udal agintarek, eta bestetik, Landaberri BHIn Taxio Arrizabalaga zinegotzia izatea udalaren ordezkari.
Horretaz gain, alkatetzak Batzorde informatibo guztiak osatuko dituzten talde politiko bakoitzeko kideen kopuruak erabakitzeko eskumena dauka. Horrela, hauteskundeetako emaitzak kontutan izatea erabaki du eta honako ordezkaritza proposatuko du: PSE-k 3 kide izatea, Bilduk 2, EAJ-k 1, LOHP-k 1, PP-k 1 eta Adskribitu gabeko 1, baina zinegotzi kopuruaren arabera kontatuko dira botuak.
Eztabaidatuko den azken gaia PSE-k 5. kontenedorea herrian jartzearen alde aurkeztutako mozioa izango da. Plenoari bukaera eman aurretik, galderak eta eskaerak egiteko tartea ere egongo da.

Herritarrekin bilera

Udal gobernu berriak herriko elkarte, gizarte-eragile eta oro har, herritarrentzako bilera irekia egingo du ostegunean kultur etxean eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete bertatik.
Hitzordua urriaren 13an, ostegunean, 18:30etan izango da kultur etxeko kafetegian. Bertan, udal gobernua osatzen duten kideak egongo dira euren burua aurkeztu eta ondorengo hilabeteotan egingo duten lana ezagutzera emateko.
Horretaz gain, herritarrek euren proposamenak eta kezkak azaltzeko aukera izango dutenez, udalak herritarrak honetan parte hartzera animatu nahi ditu.