13-Partehartzeari zubiak eraikitzen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 13a

Hainbat arlotako elkarteak, alderdiak eta herritarrak bildu ziren ostegun arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian Udal berriaren aurkezpenean.
Pablo Barrio alkateak hitza hartu zuen lehenik. Lasarte-Oriako Udalak herritar eta Udalaren arteko harremana landu eta hobetu nahi duela azaldu zuen bere hitzaldian, “herritarren iritzia entzun eta foroak sortu nahi ditugu”.
Honetaz gain, ostegunekoa lehenengo bilera zela aurreratu zuen, “herritarren kezkak ezagutzeko. Aurrerantzean arloka egingo dira”.

Asmoak

Ostean, Udal batzordeetako lehendakariek, Bildu, EAJ eta LOHP alderdietakoek, bere burua aurkeztu eta bakoitzak bere arloan egingo dena azaldu zuen.
Aipagarria da, inmigrazioari dagokionez, Gorka Lizarragak esandakoa: “Udaletik errespetua landuko da. Ez bakarrik egun datozen etorkinekin bakarrik. Gure kultura eta besteena uztartzen saiatuko gara”.
Era berean, Ana Prieto LOHPko zinegotziak, Zerbitzu publikoetako batzordean auzo elkarteekin lan egingo duela adierazi zuen eta batzorde irekiak egin nahi dituela aurreratu zuen.
Nerea Sanchezek ingurumen arloari buruz, “erraustegia eraiki nahi dute bertan eta guk hori ekiditeko, hondakinen berrerabilpena eta birziklapena bultzatuko dugu” azpimarratu zuen.
Eta hirigintza arloan, Plan orokorra egin behar dela eta plangintza herritarrei zabaldu nahi dietela jakin arazi zuen: “Haiek erabaki dezaten non eta nola eraikiko den” adierazi zuen.
Ogasunari dagokionez, Estitxu Alkorta batzordearen lehendakariak, Udalaren egoera ekonomikoa tamalgarria dela salatu zuen eta 2012. urteko aurrekontuetan lanean ari direla adierazi zuen.
Gainera, alderdi jeltzaleko zinegotziak, hurrengo urteko tasa eta zergak ez direla igoko aurreratu zuen. Eta horretarako, Udalaren errekurtsoak optimizatzen saiatuz gastu korrontea murriztuko dutela jakin arazi zuten.
Tasio Arrizabalagak, aldiz, kirol arloan Jon Tecedor beka profesionalentzat ez izateko asmoa dutela eta kirol azpiegitura zaharkituen konponketa pixkanaka egingo dela jakin arazi zuen.
Jaien arloan, 2012ko San Pedro jaiak partehartzaileak eta herrikoiak izatea nahi duela azpimarratu zuen Bilduko zinegotziak eta horretarako bilera irekiak egingo direla aurreratu zuen.
Hau guztiaz gain, Boris Nogales Hezkuntza, Kultura eta Euskara batzorde buruak euskara eta kulturan gure herriak duen potentziala azpimarratu zuen.
Herriko taldeek haien ekintzak argitaratzeko web orrialdea martxan jarriko dela aurreratu zuen eta honetan sarrerak kudeatu ahal izango direla azpimarratu zuen.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko luketen haur eskola eta jangelaren egoerari buruz hitz egin zuen.

Galderak

Aurkezpenak amaitzean, herritarrei hitza eman zitzaien galderak egiteko.
Hainbat gai jorratu ziren, Oria auzoko proiektuak, krisi egoerarekin beste formula batzuk bilatzea, herritarren kezkak nola jakin arazi daitezkeen... Baina Hiribusa eta zerbitzuaren jarraipena izan zen interes gehien sortu zuena.

Balorazioa

Udalak prentsari helarazitako oharrean, balorazio oso positiboa egiten du aurkezpen ekitaldiaz.
Ekitaldiaren helburua herriko talde eta eragileekin lehenengo harreman bat izatea zen, taldeekin elkar lanerako zubiak ireki eta partehartzeko ideia mahai gainean jartzeko.

Erantzun ona

“Honen aurrean, erantzuna oso ona izan da, mota guztietako talde eta herritarrak gerturatu baitira, 65 pertsona inguru herritar eta elkarteen izenean” azaldu dute hiru alderdiek oharrean.
Udalaren ustez, jendeak egin zituen ekarpenak interesgarriak, ugariak eta gai askotarikoak izan ziren.
Izan ere, aurkezpen honen helburua ez zen gai guzti horietan sakontzea, baizik eta Udalak lehenengo oinarria, herritar eta elkarteekin lehenengo harremana sortzea.
Gauzak honela, erantzuna ikusita, hurrengo pausoa osteguneko aurkezpen ekitaldiari forma ematea izango dela adierazten dute eta “behar diren gune eta foroak sortzea, planteaturiko asmoak gauzatzen hasteko”.