Gorria

jone-miren-hernandez 2011ko urriaren 14a

Nekea. Arratsaldeko zortziak, lanegun gogor baten ondoren. Etxera iristeko irrikan. Aurrean ikusten dut. Parean auzoko denda. Ixtear dago. Azken orduko enkarguak egin behar ditut! Iritsiko ote naiz? Bat-batean aurreko egunean lankide batekin izandako elkarrizketa etorri zait burura. Bizkaiko herri txiki batean bizi da eta ia egunero Donostiaraino bidai luzea egiten du kotxez. Niretzako desplazamendua gogorra izango litzatekeela esan nionean berak zera erantzun zidan: gidatzea atsegin dut, erlaxatu egiten nau. Ez zen lehenengo aldia espresio hori entzuten nuela. Alegia, badago jendea gidatzen disfrutatzen duena, eguneko tentsioak askatzeko balio omen du. Batzuk grabagailua ere eramaten dute autoan, bolantean egindako bidaiak sormenerako aukera eskaintzen die eta. Zein esanahi ezberdin eduki dezakeen mugikortasunak pertsonen arabera! Nik plazerra eta sormena, gorputzaren mugimenduarekin lotzen dut, herrian zehar libre mugitzearekin, espaloi zabalak, trabarik gabeko bideak edukitzearekin. Ikuspuntu horretatik Okendo berria eta ondoko parkea plazerrerako irla bihurtu daitezke… Berdea! Berdea jarri da! -entzun dut-.Egia da, azkenik! Inpresioa dut bizitza ematen dudala gizon itxura duen irudi gorri baten aurrean. Nonbait gidariek oinezkoek baino eskubide gehiago dute plazerrerako.