Urriaren 12an, herri eskola

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 14a

Urriaren 12an, asteazkenean, Hispanitatearen eguna ospatzeari uko egin zioten Lasarte-Oriako Ikasle Abertzaleek eta Herri eskola antolatu zuten goizean Landaberri BHI ikastetxean.
Euskal herritarrei Hispanitatearen jai eguna inposatu egiten zaiela eta derrigorrez jai egin behar dela ikusirik, horren aurrean jarrera intsumisoa hartu zuten Ikasle Abertzaleak taldean ari diren herritarrek eta Herri Eskola antolatuz erantzun zioten beste herri askotan bezala.

Intsumisioa

"Jai egun arrotzen aurrean, ikasleok intsumisioa!" leloari heldu eta ez dira isilik gelditu. "Euskaldunak egun hauetan jai hartu eta ospatzera behartzen gaituzte. Ikasleok, aldiz, urtez urte egutegi propioa dugu helburu".
Horrela, Bilgune Feministako kideen laguntzaz Landaberri BHI institutuan 10:30etan hasita burutu zituzten Hezkidetza tailerretan 25 bat gaztek parte hartu zuten. Ikasle Abertzaleak taldeko herriko ordezkariak pozik dira iaz baino partaide gehiago bildu direlako aurten.
Ondoren tailerretan parte hartu zuten gazteetako batzuk Xirimiri elkartean bazkaldu zuten eta giro alaian eman zioten egunari amaiera.