Areto-futboleko txapelketa herrikoia gaur hasiko da Michelingo gunean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 14a

Ostadar Kirol fundazioak antolatzen duen areto-futbol txapelketa herrikoiari gaur, ostirala, 19:30ean, emango zaio hasiera.
XXIX. txapelketa honetako denboraldiak ez dakar berrikuntza handirik antolatzaileek jakin arazi dutenez.
Hala ere, 18 talde dira aurten finalera iristeko gogor arituko direnak. Ohiko Izarra, Ilargi, Oria kristaldegia,Trumoi, El bar de Mau, Illum, Indaux, Naiban, Balerdi harategiak, Ayete, Buenetxea Dakara, El punto, Viña del Mar, Los tiburones rojos, Txindoki eta azken urteetako irabazleak, ISU Leihoak eta Izkiña.
Iaz baino bi talde gutxiago dira eta horrek lehiaketa sisteman aldaketa batzuk egitea suposatu duela aipatu dute.

Lehiaketa

Gaur hasten den denboraldiak bere lehengo fasean 17 jardunaldi izango ditu eta martxoaren 25ean amaituko da.
Ostadarreko arduradunek azaldu dutenez, fase honetan liga sistema jarraituz jokatuko da eta itzuli batera.
Jarduinadi bakoitzean bederatzi partida izango dira ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan banatuak eta Michelingo areto-fuboleko pistan izango dira.
Hainbat jardunaldi atzeratu behar izan ziren uurreko denboraldian euria sartu eta kondentsazioak pista bustitzen zuelako. Horregatik, “ea aurten zortea dugun eta ez dugun pistarekin hainbeste arazorik izaten,” azpimarratu dute.

Final handirako bidea

Bestalde, txapelketaren bigarren fasean, taldeak bi ligatan banatuko dira, play-offa eta kontsolazio liga, sailkapenaren arabera.
“Lehenengo 8 taldeek play-offean parte hartuko dute. Hauek final laurdenak eta finalaurrekoak joan etorrian jokatuko dituzte eta maiatzaren 19an, finala jokatuko da,” adierazi dute.
Gainontzeko taldeak bi multzotan banatuko dituzte. Hauek ligaska jokatu eta multzo bakoitzeko lehenengoek jokatuko dute kontsolazioko finala.

Aldaketa gutxi

Honetaz gain, arauetan aldaketarik ia ez da egongo. “Gauza bakarra aldatzen da. Talde bakoitzak baloi bat gehiago eraman beharko du partidetara” aipatu dute antolatzaileek.
Era berean, txapelketaren ordutegiak lehenengo asteartean zehaztu bazituzten ere, ohikoa den bezala, asteazkenetan ordu aldaketak egiteko bilduko direla azpimarratu dute.