14Semblante Andaluz-en Kultur Aste irekia

maider-azurmendi 2011ko urriaren 14a

Herriko Semblante Andaluz elkarteak bederatzigarren kultur astea ospatuko du asteburuan. Abdon Fernandez elkarteko presidentearen iritziz lan handia egin dute asteburuko egitaraua zabala eta erakargarria egiteko "elkarteko bazkideen parte hartzeaz gain, ekintza guztiak irekiak dira aurten eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu".

Aste osoan ekintzak antolatzea luzeegi gertatzen zela ikusita, zuzendaritzako kideek egitaraua hiru egunetan osatzeko erabaki zutela azaldu du Fernandezek: "jendearen parte hartzea eskasa zen batez ere aste barruko ekintzetan eta gure lana zabaltzeko, asteburua aproposagoa zela iruditu zitzaigun.Gainera herritarrak gurekin ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu, festa ez dadila izan soilik gure bazkideentzat."
Kirolak, ohi bezala, bere protagonismoa izango du egitarauaren baitan. Aurten Realak liga irabazi zuela 30 urte betetzen dira eta hau ospatzeko asmotan, Tito Irazusta TeleDonostiko zuzendari eta kirol kazetariak solasaldi bat gidatuko du Golf plazan. Honen aurretik, Gijon-eko azken partida hura gogoratzeko proiekzio bat egingo da. Gainera garai hartako jokalari batzuk bertan egongo direla aurreratu dute talde txuri urdinetik. Horretaz gain, igandean nesken saskibaloi partida eta gizonezkoen futbol neurketak jokatuko dira Atxobakarren. Parte hartzea hauetan ere, irekia izango da baina aurrez elkartearen egoitzan izena eman beharko da.
Berrikuntzak asko dira, batetik Gipuzkoako Trenbidearen Lagunen Elkarteko kideen hitzaldia egingo da larunbatean elkartean. Hauek 70. hamarkadan Andaluzia eta Extremaduratik hona iristen ziren trenen inguruan hitz egin eta bideo bat eskainiko dute.
Horretaz gain, hauek utzitako hiru trenen maketak ikusgai izango dira asteburuan zehar elkartean. Honen aurretik hamaiketako herrikoia egingo da, salda, arrautza frijituak eta txorizoa, dena ardoarekin lagunduta. Bost euroko kostua izango du hamaiketakoak eta nahi duenak parte hartu ahal izango du.

Adin guztientzako

Larunbat arratsaldean Golf plazan, familientzako ginkana prestatu da, joko eta froga guztiak haurrak helduekin parte hartzeko pentsatu dira. Ondoren, Gure Ametsa elkarteko buruhandiak izango dira 17:00etatik aurrera eta 18:00ak inguruan, haurrentzako txokolatada. Egunari amaiera emateko, dantzaldia egingo da 'Hrnos Arregin' taldearen eskutik.
Ohiko karta txapelketak ez du hutsik egingo. Aurten, elkarteko bazkideen artean egin beharrean, Andaluzia eta Extremadurako elkarteetako bazkideen artean jokatuko da larunbatean 16:30ean. Igandean berriz, lehen lore lehiaketa egingo da eta irabazleak produktu iberikoekin osatutako saskia eramango du etxera "aurkeztutakoen lan guztiak oholtza inguruan jarriko dira Zambra taldearekin egingo den folklore jaialdian apaingarri izan daitezen".
Aste kulturalari bukaera emateko, gitarra elektrikoaren zozketa egingo da. Honetan parte hartzeko asteburu osoan tabernan txartelak euro batean eskuragarri egongo dira.

EGITARAUA

Hiru egunetako ospakizuna
Ostirala
18:00: Realak lehen liga irabazi zuela XXX. urteurrenaren ospakizuna Golf plazan
19:30: Ohorezko ardoa

Larunbata
11:00: Herri hamaiketakoa.
12:00: Hitzaldia Gipuzkoako Trenbidearen Lagunen Elkartearen eskutik eta tren erakusketa egoitzan
16:00: Familientzako Ginkana herrikoia Golf plazan
16:30: Mus eta Tute txapelketa, Andaluzia eta Extremadura elkarteetako bazkideen artean
17:00: Gure Ametsa elkarteko Buruhandiak
18:00: Haurrentzako txokolatada Golf plazan
23:00: Dantzaldia 'Hrnos Arregin' taldearekin

Igandea
12:00: Nesken saskibaloi partida Atxobakarren
12:30: Gizonezkoen futbol partida Atxobakarren
13:00: Lehenengo lore lehiaketa Golf plazan
14:30: Bazkari herrikoia
18:00: 'Zambra' musika taldearen emanaldia Golf plazan
19:00: Gitarra elektronikoaren zozketa