16-Asteburu mardul eta bizia Semblante Andaluz elkartean

jon-altuna-egitegi 2011ko urriaren 16a

Astebukaera ederra bizi izan zuten Atsobakarreko bizilagunek Semblante Andaluz elkartearen Kultur Astea dela eta. Eguraldi onaren laguntzaz hainbat ekitaldi ezberdin burutu ziren ostiraletik igandera bitartean.

Egitarau zabala prestatu zuten Semblante Andaluz elkartean eta Atsobakarreko Golf plazan, besteak beste, dantzaldiak, kantuak, bazkari, saskibaloi partida, "sevillana", buruhaundi... Denen artean festa polita osatu dute aurtengoan eta hurrengoetarako gogoz daude jada Semblante Andaluz elkartekoak.

Extremaduratik trenez

Semblante Andaluz-ek antolatutako ekitaldien barnean, Adolfo Lumbreras "Asociación de amigos del ferrocarril de Gipuzkoa" elkarteko presidenteak hitzaldi bat eskaini zuen larunbat eguerdian tren munduaren inguruan.
Jende ugari joan zen adituaren hitzak entzutera eta asko gozatu ahal izan zuten bertaratuek, batez ere zaharrenek. Izan ere, Lumbrerasek 1965. urtetik hasita, gaur egunerainoko bidaia historikoa osatu zuen, garai hartako trenen argazkiz lagunduta.
Andaluzia eta Extremaduratik hasi zuen bidaia, bertako geltoki eta herriak erakutsiz, Euskal Herriraino iristeko.
Azken finean, duela 40 urte inguru Lasarte-Oriara lan bila etorritakoen bidaiaren "metafora" izan zen. Ikusle zaharrenak hunkitu egin ziren argazki sortan euren jatorrizko herri andaluziarra edo bertako geltokia ikustean; han bizitako garai gogorrak gogoratzean; eta orain nola dauden ikustean. "Oroitzapen kutunak" etorri zaizkiela aitortu zigun Lumbrerasek.
Gainontzean, trenen hiru maketa jarri zituzten ikusgai eta txikienek izugarri gozatu zuten trenak jira eta bira nola zebiltzan ikusita.

Antolakuntza, pozik

Abdon Fernandez Semblante Andaluzeko presidenteak aitortu digunez, "oso kontent" daude asteburuan antolatu duten festarekin.
Ospakizuna elkartetik atera eta Golf Plazara eramatea "erabaki egokia" izan dela deritzo. Elkartetik haratago, jaia auzo guztian zehar hedatzea lortu duelako. Jendearen erantzunarekin gustura dagoela ere onartu du.

Mus eta tutean

Extremadura eta Andaluziako elkarteak nor baino nor aritu ziren karta jokoan. Berdinketarekin amaitu zen, musean Dominguez eta Cumbres Extremadura Etxekoek irabazi baitzuten eta tutean berriz, Semblante Andaluzeko Grande eta Fernándezek.
Bestalde, gitarra elektrikoaren zozketan 180 izan zen zenbaki saritua. Txartelaren jabea aste honetan pasa daiteke elkartetik dagokion oparia jasotzeko.