KontuKantoi ipuin kontalari taldea osatzen du Beak bere bikote Cesar Marcos-ekin batera. Beak ipuina kontatu bitartean, Cesarrek Bearen hitzak koloreztatzen ditu. KontuKantoik Lasarte-Oriako udalak antolatutako Ipuin Kontalariak 2011 egitarauan parte hartzen du Pello Añorga eta Koruko Zurutuzarekin batera. Bikoteak dagoeneko lehen saioa eskaini du.
Nola aukeratzen du kontalariak saio bakoitzeko ipuina?
Kontalari bakoitzak bere irizpideak jarraitzen ditu. Batzuetan ipuin tematikoak eskatzen dituzte saioaren antolatzaileek, adibidez ura edo zuhaitzen ingurukoak. Kasu hauetan aukeraketa mugatuta duzu eta ipuin gutxiagoren artean egin behar da azken hautaketa. Bestela, ipuin asko irakurri behar dira eta horien artean, saioaren testuingurua ere kontutan izanda, gehien gustatzen zaidana aukeratzen dut.
Dena den, aukeraketa prozesuan bereziki beti zaintzen ditudan aspektuak daude. Esaterako, istorioa perspektiba feminista batetik kontatzen saiatzen naiz. Ez dut ipuin panfletariorik egiten, ez ditut gogoko moralejak edo irakaspenak dituzten istorioak. Adibidez, aurreko saioko ipuinean autobus gidari bat agertzen zen eta nire ipuinean gidaria Marisa zen. Horrelako gauzak zaindu eta moldatzen ditut. Estereotipoak nolabait apurtzea da nire helburua nahiz eta askotan zaila izan.
Generoaren ikuspegia soilik zaintzen duzu?
Ez. Egia da generoarekin zerikusia dutenak direla agian nabarmenenak, printzeak beti salbatzen du printzesa ezta? Askotan istorioetako protagonisten izenak aldatzen ditut eta Mohamed bezalakoak ematen dizkiet.
Gainera kontutan izan behar da 6 eta 7 urterekin haurrek dagoeneko estereotipoak finkatuta dituztela. Horrelakoekin apurketa bat eragin eta hauen arreta gureganatzen dugu. Tontakeriak iruditu arren, haurrarengan duten efektua eta erantzuna baloratu behar da. Ahotsekin ere lortzen dugu haustura hori, amabitxiek beti dute ahots fina eta gozoa, ba guk agian oso zakarra jartzen diogu.
Zergatik finkatzen dira adinak saio bakoitzean? Ipuinaren gaian dago ezberdintasuna?
Batzuetan ipuin berdinak izan daitezke adin guztientzat aproposak. Ipuinaren gaiak ez du berez ezberdintasuna markatzen. Ipuin batzuk aproposagoak dira haur txikientzat eta beste batzuk ordea, gaztetxoentzat. 6 eta 7 urtekoek ondo hartu dezakete istorio bat eta 3 urteko umearentzat istorio berdina guztiz aspergarria da.
Horretaz gain, jarrerak baloratu behar dira. Ez da berdina 6, 7 urtekoek zurekiko duten jarrera ezta beraiei zuzentzeko modua ere. Dagoeneko hauek ez dira haur txikiak eta gainera txikiak bailiran tratatzea ez zaie gustatzen. Kontalariak jakin behar du publikoaren adina zein izango den eta horregatik finkatzen da, istorioa modu batean edo bestean prestatzeko.
Saioetan haurrak bakarrik egotea garrantzitsua al da?
Gurasoak saioetan sartzen badira eta euren jarrera ona bada, oso saio politak atera daitezke. Gertatzen dena da batzuetan sartu eta umeentzako saioak direnez, helduek uste dugu bertan egon gaitezkeela beste gai batez hitz egin edo bokata ematen. Horrelako jokaerek asko zailtzen dute saioa eta horregatik umeak bakarrik sartzearen baldintza jartzen da leku askotan. Bestetik garrantzitsua da haurrak bakarrik egoten ikastea ere.
Ipuinak behin baino gehiagotan kontatzen al dituzu?
Bai noski gainera istorioak asko aldatzen ditut. Lehen aldiz edo hamargarrenean kontatzearen artean kriston aldea dago, azkenean hasierako ipuina beste bat dirudi. Gainera haurren aportazioak gehitzea gustatzen zait eta horren arabera noa istorioa bera birmoldatzen.
Nola lortzen da haurren arreta eskuratzea?
Ipuina bera magikoa da, bidaiatzera gonbidatzen zaituen istorioa. Haurrek bazen behin entzun eta badakite ipuina, bidaia, badatorrela. Ipuinak berak jakin-mina sortzen du, istorioek indar handia dute. Haurrak jakin nahi du gero zer gertatzen den, eta gero zer, eta gero? galderak ere egiten dituzte eta oso aberasgarria izan daiteke. Horrela arreta berez lortzen duzu.
Guk ipuina kontatzeaz gain, ilustratu egiten dugu. Marrazkiek asko laguntzen dute kontaketan eta atentzioa deitzen die.
Saio zailik izan al duzu?
Noski baina saio zailak izan direnean, gehienetan ez da umeen edo ipuinen errua izan. Hau da, leku txiki batean haur gehiegi sartu dituztelako edo lekua berez zaratatsua zelako haurrak despistatzen dira eta egoera horietan bai da zaila euren arreta guztia lortzea. Gertatu zaigu ere festa giroan gaudela ipuin kontalaria sartzea eta kasu batzuetan agian ez zen momentu hoberena, haurrek dantzan jarraitu nahi dute eta ez ipuina entzuten jarri.
Gurasoek kontatzen al dituzte nahikoa ipuin?
Nire inpresioa da guraso asko direla haurrei ipuinak irakurtzen dizkietenak, lo hartzeko garaian batez ere, baina ez dira ausartzen kontatzea. Umeei istorioak kontatu behar zaizkie, ahotsak aldatu, interpretatu, oso aberasgarria da.
Noiz hasi behar da haurrei ipuinak kontatzen?
Guraso bezala txiki txikitatik hasi daitekeela esango nuke, lau, bost hilabete dituztenetik. Noski ipuin laburrak, lau lerroko istoriotxoak. Adin horrekin umeek nabaritzen dute ahotsa aldatzen ari zarela hortaz zerbait desberdina ariko zara kontatzen eta horregatik arreta jarriko dute. Askotan kantetako letrak izan daitezke ipuin. Oso garrantzitsua da gurasoek ipuinak kontatzea, haurrek istorioa baino gehiago lotura afektibo hori eskertzen dute eta merezi du denboratxo bat horri eskaintzea. Ipuinekiko zaletasuna sustatzea garrantzitsua da baita ondoren irakurketarekiko zaletasuna bultzatzeko ere.
Ipuinak noiz arte? Adin mugarik ba al da?
Ez. Hori da gainditu beharreko erronka. Gaztetxoentzako eskaintzen diren gauzen artean oso gutxitan sartzen da kontalaritza. Duten adina kontutan izanda, kontatzeko era eta istorio egokiarekin asko disfrutatzen dute ere ipuin bat. Helduekin berdin. Istorio aproposak adin guztientzat daude. Ipuina entzuten, konturatu gabe bidai batean murgiltzeko gaitasuna ere badugu helduek eta askotan emozionatu ere egiten gara. Sentsazio berrietara ireki behar gara eta guk ere irudimena dugula gogoratu.
Zer esango zenieke herritarrei saioetara gertura daitezen?
Eskertzekoa da urtero ipuin kontalariei tartea egitea, besteak beste Izaskunek egiten duen apustua aipatuko nuke. Hiru hilabeteetan zortzi saio antolatu dira aurtengoan eta Koruko Zurutuza, Pello Añorga eta gu izango gara kontalari lanetan. Añorgaren presentzia bereziki azpimarratuko nuke izan ere, aitzindari izan da ipuin kontalaritzan eta beste kontalarientzat erreferente da, maisua. Azkenik, gurasoei esan haurrek oso ondo pasatzeaz gain, esperientzia polita biziko dutela eta beldurrik gabe gerturatzeko.