Hondakin organikoaren bilketa aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 17a

Hondakinen bilketa bihurtu zen asteartean egin zen udal batzarrean gai nagusi. Aurreko legealdian atez ateko bilketa probatzearen alde hartutako erabakia bertan behera utzi eta bosgarren edukiontzia probatzeko alderdi sozialistak aurkeztutako mozioa PSE, PP eta EAJren aldeko botoekin onartu zen. Bildu eta Plataformak aurkako botua eman zuten: Bildukoek azalpen luzea eta argudio sakonak eman eta bilketa bi sistemak alderatu eta gero, eta Plataformak, gaia ondo aztertu behar dela eta sistema guztien onurak begiratu behar direla argudiatuz.

Hondakinen bilketari buruzko proposamena bozkatu aurretik, bi sistemak erabiltzen diren herrietako datuak eraman zituen plenora Nerea Sanchez alkate-ordeak, baina zera adierazi ondoren hain garrantzitsua den gaia eztabaidatzeko "mozio bidez egitea ez zaigu modu egokiena iruditu".
Horretarako batzordeak daudela azpimarratu zuen, gaia lasaitasunez eta denborarekin aztertzeko.

5. edukiontzia

Gipuzkoan 5. edukiontzia jarri den herrietan, orain arte, gehienez %35 birziklatzen dela aditzera eman zuen Bilduko zinegotziak Lapatx Gipuzkoako bio hondakina jaso eta tratatzeaz arduratzen den erakundeak kaleratutako datuetan oinarrituz. Inguruko herrietako datu esanguratsu batzuek azpimarratu zituen, esaterako, 22.658 biztanleko Zarautzek 5.edukiontziaren sistema martxan du eta 186.192 kg hondakin organiko jaso zituen iaz urte osoan. Usurbilek berriz, 6.013 biztanlerekin, atez atekoari esker 900.940 kg.
Biztanleria antzekoa duten udalerriak begiratuta, 6.700 biztanleko Aretxabaletakoak Usurbilgoekin alderatu zituen. Lehenengoak 5. edukiontziarekin 74.317kg hondakin jaso zituen iaz eta Usurbilek, berriz, aipatutako 900.940 kg atez atekoarekin. Zarautz eta Hernaniren kasuan, lehenak 186.192 kg jaso zituen eta bigarrenak, atez atekoarekin 2010eko maiatza eta abendua bitartean, 917.820kg. Azkenik, 9.337 biztanleko Zumaiak 5.edukiontziarekin, 102.453 kg jaso zituen eta Oiartzunek atez atekoarekin iazko maiatzetik abendura, 451.800kg.

Atez atekoaren alde

Bilduren ustez, "atez atekoa eraginkorragoa dela frogatzen dute datuek" eta beraz argia da zein den egin beharreko apustua. Bestalde, gure inguruan gaia politizatu dela salatu zuen zinegotziak eta garrantzitsuena "guztion osasuna eta ongizatea bermatzea da eta hori ez da horrela izango erraustegia ondoan dugun bitartean. Baina ez dugu hemen ondoan ez beste inon nahi."
Hondakinena, guztion arazoa dela gogoratu nahi izan zuen Nerea Sanchezek eta horretarako "zaborra hondakin bihurtu behar dugu". Gogoratu nahi izan zuen Kataluniako 90 udalerritan atez atekoa martxan dagoela ere, eta herri hauetako udaletxeetan alderdi politiko ezberdinak daudela gobernuan, PP, CIU eta PSOE besteak beste.
Gertuko adibideez gain, nazioarteko beste zenbait aipatu zituen Sanchezek: Monza, Italian atez atekoa ezarri zuen lehenengo herria; San Francisco, Kalifornian, 800.000 biztanlerekin %77ko gaikako bilketa lortzen duena; eta Flandes-en sei milioi biztanle dituen eskualdean %75etik gorako emaitzak lortzen dituen bilketa.

Kostuak

Nerea Sanchez zinegotziak berriro ere datuak eman zituen sistemen kostuari buruzko baieztapen batzuek zuzentzeko. Zenbait alderdik atez atekoa bosgarren edukiontzia baino garestiagoa dela esaten badute ere, Sanchezen iritziz, hori ez da erabat zuzena: "jasotzea bera bai gerta daiteke garestiagoa baina azken emaitza ez. Izan ere koste garbiari erreparatuz, 5.edukiontzia litzateke sistemarik garestiena".
Zaborra jasotzeak kostu bat dauka baina ondoren, birziklagaia saldu eta dirua eskuratzen da. Horrela, gaika biltzen duten herrietan birziklagaia handiagoa denez, diru gehiago irabazten da eta aldi berean kostuak gutxitzen dira. Gainera, jasotzen dena hobeto banatuta dago eta organikoarekin kalitate oneko konposta sortzen dute. Baina biltze sistema honek zinegotziaren hitzetan badu beste onura bat: "lanpostu gehiago sortuko lirateke zerbitzu honetan eta zuzenean herritarren lanpostuak, ez azpikontratak."

Donostiako kasua

Donostiako bi auzotan da martxan 5. edukiontzia eta bertako datuak onartezinak dira Bilduren ustez: Amara izan zen 5.edukiontzia jartzen Donostiako lehenengo auzoa, 2009an. Urtean 310.000 kg jaso zituen, "kopuru hau urtean Donostiako hondartzetan jasotzen den alga kantitatea baino txikiagoa da" esan zuen Sanchezek.
49 edukiontzi daude Amaran, 1/554 biztanleko. Auzoan 26.000 pertsona bizi dira eta %21a ari da edukiontzi hau erabiltzen. Pertsona batek urtean 150 kg bio hondakin sortzen baditu urtean pertsonako 40 kilo inguru jaso dira Amaran. Groseko datuak ez dira argiak, 38 edukiontzi daude, 1/500 pertsonako. Hasiera batean 737 familiek izena eman zuten, 6.333 biztanletik %11,6.

Sozialisten politika

Bestalde, azken urteetan udalean alderdi sozialistaren politika "zaborra ezkutatzea" izan dela salatu zuen Bilduk. "Lur azpiko edukiontziak ezarri ziren horretarako dirutza erabiliz eta lur azpiko mundu paralelo bat sortuz".
Sistema hau zikina dela azpimarratu zuten, "hilabetetan bertan metatzen da zaborra. Usurbilen ikus daitekeena ez da hori, han gehienez hiru orduz egoten da zintzilik".

Lurpekoen gastu handia

Gainera lurperatutako edukiontziak konpontzeko beharrezko gastua gehiegizkoa dela salatu zuten, 2010ean 12.956,85 euroko kostea izan zuten eta 2011an jada 17.516,19 euroko gastua eragin dute. Une honetan lau edukiontzi konpontzeko zain daudela adierazi zuen zinegotziak.
Bilduk argi utzi nahi izan zuen ez zutela inolaz ere ezer inposatu nahi, prozesuak beste herrietan bezala, parte-hartzaileak izan behar direlako. "Zaborren inguruko gaian herritar aktibo eta arduratsuak nahi ditugu". Horretarako herritarrak hezi eta ohitzeko, kanpaina ezberdinak abian jartzeko proposamena egin zuten.