Ostiralean, Biyak Bat erretiratuen elkartean aurkeztu zen ekimena. Besteak beste, Gipuzkoako jubilatuen eta pentsionisten elkarteko lehendakari ordea, Iñaki Goikoetxea, Mertxe Galdos Biyak Bateko lehendakaria, Pablo Barrio alkatea eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia egon ziren ekitaldian.
Iñaki Goikoetxeak azaldu zuenez, Gipuzkoa osoko 568 pertsona bilduko dira Lasarte-Orian.
Ibilaldia
Goizeko 11:00etan hasiko da ibilaldia Okendo plazan. Lau pertsonako taldeetan egingo dute ibilbidea eta honela, guztira 142 patruila ibiliko dira gure herriko kaleetan zehar.
Biyak Bat elkarteak hiru patruila berezi izango dituela jakin arazi zuen Goikoetxeak ”ekimenari hasiera ematen dion patruila. Erdian beste bat herriko Udaleko gonbidatuekin eta amaieran bestea”.
Honetaz gain, ibilaldiko partehartzaileek kamiseta berezia izango dute eta identifikatuak joango dira. Kamiseta horietako bat Udalari oparitu zioten aurkezpenean.
Ibilbidea
Exiquio Perez Biyak Bateko zuzendaritzako kideak ibilbideak zazpi kilometro izango dituela azaldu zuen.
Okendo plazatik atera, eta Zumaburu aldera egingo dute kale Nagusitik, gero Zumaburu parkean ibai ondoa hartu eta Bruneteraino joango dira. Bertan buelta eman eta Zirkuitu ibilbide eta Oria etorbideetatik erdialdera bueltatuko dira.
Loidi-Barrengo pilotaleku aldera egingo dute eta San Pedro eliza ondotik Kale Nagusira. Tajamarreko bihurgunea pasa eta Villa Mirentxutik barrena Somoto ibilbidera egingo dute. Hortik Atsobakar Parkea zeharkatu eta Green plazara. Froilan Elespe parketik Urbil aldera egingo dute eta errotondatik Okendorako bidea hartuko dute Pintore kaletik.
Bide honetan guztian, hiru kontrol pasa beharko dituzte. Hauetan komunak egongo dira eta ibilbideko bigarren zatia hasi baino lehen, Loidi-Barrengo pilotalekuan jatekoa eta edatekoa izango dute.
Bazkaria eta opariak
Talde guztiek ibilbide amaitzean, indarrak berritzeko ordua etorriko da. Guztiak Michelingo pilotalekura hurbilduko dira eta bertan bazkaria eta dantzaldia izango dute.
Bazkarian, gainera, oroigarriak emango direla aurreratu zuen Iñaki Goikoetxeak, “hiru plaka banatuko dira. Lasarte-Oriako Udalak patruila zaharrenari emango dio. Gipuzkoako elkarteak Udalari emango dio eta Euskadiko elkarteko kideek Biyak Bati. Eta taldeen artean zozketa bat ere egingo da”.