Giro ederra inguruko Ibilbideen Egunean

jon-altuna-egitegi 2011ko urriaren 17a

Giro ederrean burutu zuen Lasarte-Oria eta Andoain arteko bidea herritik abiatu zen mendizale taldeak, Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean. Igande goizean goizetik jende ugari ikus zitekeen San Pedro elizaren atzeko plazan, mendiko bastoiak eskuetan eta mendiko botak jantzita. Berdina gertatu zen eskualdeko beste herrietan. Buruntzaldeko Udal eta Kirol Patronatuak antolatutako ekimenak Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta, eta Andoain lotu zituen batetik besterako ibilbideen bidez.

Ilusioa nabari zen txikienen aurpegietan eta gurasoek aitortu bezala, salbuespena izan zen atzokoa: "Normalean mendira joateko muturra ipintzen dute, baina gaur lagunak ere etorri direnez, animatuago ekarri ditugu. Gaitzerdi", aitortu digu haietariko batek.
Hamarretan zegoen jarria zita eta jende askok erantzun zion Ostadarrek eginiko deialdiari. Batez ere haurrak eta hauen gurasoak ikus zitezkeen motxila, kantinplora eta ogitartekoa hartuta, baina adin guztietako jendea iritsi zen helmugaraino. Bejondeiela.

Ibilbidea

San Pedro elizan hasi, Andre Joakineneako aldapa igo eta Martin Berasategi aurretik pasatuta, Plazaolako trenaren bidea hartu zuten lehenik.
Ondoren, Azkorte bideko bidegurutzea hartu eta behin Azkorteko ermitara iritsita, pixka bat gorago igo behar izan zuten mendizaleek Andoain markatzen zuen gezitxoa ikusi arte. Azkenik, Andoain aldera jaitsi ziren harrobiaren ondotik igarota eta bertako udaletxean amaitu zen bidaia.

Lokatzetan barrena

Eguneko protagonista berezia, lokatza izan zen. Azkortera igotzeko bidea, ohi bezala, nahiko lokaztuta zegoen eta zenbaitek laprast egin edota bidean oinetakoa galdu zuen. Dena den, ez zen inolako ezbeharrik izan. Hori bai, botak garbi eraman zituenak, erabat lohituta bueltatu zituen etxera.

Andoain, helmuga

Aurpegi alaiak, irribarrea, kantua… Izan ziren nagusi Andoainera iristean, baita herrira bueltatzeko antolakuntzak jarritako bi autobusetan ere (batean ezin izan zituzten denak sartu).
Bi ordu eta laurden inguruko ibilbidearen ostean, sagarra eta ura izan zituzten mendizale guztiek Andoaingo kontrol puntuan. Gainera, txikienek kamiseta bat jaso zuten opari.