Lasarte-Oriako Udala eta Nasipa S.L.-ren arteko hirigintza hitzarmena betetze arren, hitzartutako salneurria duten 72 etxebizitzen zozketa burutu da gaur kultur etxean. Etxebizitza hauek AIU-34 Vaguada-Goiegin kokatzen dira eta bi eta hiru logelako multzotan banatu dira, bi logelako 24 etxe eta hiru logelako 48, 182 eskatzaileren artean.
Aurreko udal gobernua eta Nasipa S.L enpresak sinatutako hitzarmenak ez du Nerea Sanchez zinegotziaren hitzetan Bilduren babesik. Hitzarmen horretan, Nasipak eraikitako etxebizitza hauek merkatu librean saldu beharrean, izena ematen zutenen herritarren artean zozketaz banatu eta hauen prezioa babes ofizialeko etxe baten salneurriaren bikoitza izatea adosten zen. Horrela izanda, etxe hauek lehen zortzi urtetan ezingo dira merkatuko prezioan saldu, jabeek erosi zutenekoa eskatzea izango dute soilik. Zortzi urteak gaindituta, jabea askea izango da nahi duen prezioan etxea saltzeko. Etxebizitza hauen bataz besteko salneurria, garajea eta trastelekuarekin, 300.00euro ingurukoa da.
Zozketaren emaitzak kultur etxean dagoeneko jarrita daude eta Udaletxeko zein Nasiparen webgunean kontsultatu ahal izango dira ere.