Etxebizitza hauek AIU-34 Vaguada-Goiegin kokatzen dira eta bi eta hiru logelako multzotan banatu ziren, bi logelako 24 etxe eta hiru logelako 48. Guztira 182 eskatzaile ziren zozketa honetan zenbakia zutenak. Hauek aurretik Nasipa S.L promotorarekin harremanetan jarrita eman behar izan zuten izena.
Baldintza bereziak
Zozketa honek zenbait berezitasun izan zituen izan ere,, etxeen ezaugarriak eta prezioak ez dira babes ofizialeko etxeekin parekagarri, 300.000euro inguru ordainduko dituzte jabeek etxeengatik, garaje eta trastelekua barne eta sustapen pribatuko eraikinak dira.
Gobernu sozialista udalean zegoela, Nasipa enpresak herriko lur batzuk erosi eta etxe adosatuak egiteko proiektua martxan jarri zuen. Krisiak eztanda egin eta konstruktorak hasierako proiektua aldatzea erabaki zuen orduan. Horretarako udalarekin harremanetan jarri zen nolabait eraiki beharreko etxe eraikinak bideratzen laguntzeko.
Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Nasiparekin zenbait baldintza medio. Honen arabera Nasipak eraikitako etxebizitza hauek merkatu librean saldu beharrean, izena ematen zuten herritarren artean zozketa bidez banatzea adosten zen eta hauen prezioa babes ofizialeko etxe baten salneurriaren bikoitza izatea. Horrela izanda, etxe hauek lehen zortzi urtetan ezingo dira merkatuko prezioan saldu, hau da soilik ordaindutakoa eskatu ahal izango dute jabeek. Epea gaindituta, nahi prezioan salduko dituzte.
Bilduren babesik ez
Nerea Sanchez zinegotzia izan zen udal ordezkari moduan zozketa gidatzen eta bere hitzetan horrelako hitzarmenek ez dute Bilduren babesik "horrelakoek ez dute herriko etxebizitzen prezioaren espekulazioarekin amaitzen, jakina denez gure helburua alokairu soziala sustatzea da." Dena den, aurretik sozialistek sinatutakoekin aurrera egin behar dutela azpimarratu zuen zinegotziak eta mota honetako beste hitzarmen batengatik horrelako beste zozketa bat egin beharko dutela aurreratu zuen.
Zozketaren emaitzak kultur etxean jarri ziren egunean bertan eta Udaletxeko zein Nasiparen webgunean kontsultatu daitezke. Ondorengo tramite guztiak, promotorarekin kudeatu beharko direla jakitera eman zuten zozketa gidatu zutenek.