Euskaraz mintzatzeko lehen pausoak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 20a

Lasarte-Oriako udal euskaltegiak 25 urte beteko ditu eta urteurren hori ospatzeko, “Erabileraren erronka” ekitaldi berezia antolatu zuten ostegun goizean. Lau euskaldun berri gonbidatu zituzten, Pablo Barrio alkatea, Boris Nogales euskara zinegotzia, Iñaki Petxarroman udal euskaltegiko ikasle ohi, kazetari, idazle eta bertsolaria eta Xabier Herrera udal euskaltegiko ikasle ohi, musikari eta egun Bigarren Hezkuntzako irakaslea.
Gonbidatuek banan-banan hitza hartzen joan ziren eurek euskara ikasteko prozesua nola egin zuten azalduz. Guztien ahotan amankomuneko bi sentimendu, lotsa eta beldurra. Kalean euskaraz hitz egiteko lotsa eta hanka sartzearen beldurra. “Ikasketa prozesua ez da amaitzen, beti izango gara euskaldun berri baina euskaraz biziz, askoz errazagoa da”.
Ikaslearentzat hizkuntza eguneroko bizitzan erabiltzea da erronka eta pausoa emateko momentua zein den “norberak erabaki behar du”; batzuek urteak behar dituzte, Pablo Barrio alkateak bezala eta beste batzuk, Iñaki Petxarroman adibide, lotsagabekeriaz euskaltegiaren tranpolinetik buruz kalera botaz. Laurek egun euskaraz egiten dute bizitzako esparru gehienetan eta “harro” daude. Boris Nogales ikasle sentitzen da oraindik baina bere iritziz, euskaraz bizitzeagatik egindako ahaleginak merezi izan du. Xabi Herrerak gogoratu zuenez, euskaldun zaharrekin euskaraz egiteak ematen zion beldurra "ez da hainbesterako, haiek ere gauzak gaizki esaten dituzte". Petxarromanek bere esperientzia laburtzen duen bertsoa egin eta hala eman zioten bukaera ekitaldiari, Herrera gitarra jotzen eta ikasle, irakasle eta gonbidatuak batera habanera doinuan abesten.
Euskalduntzeko tartea
lasterra eta arina
gehiago jakin ahala
areagotu jakinmina
gogoz gainditu ohi dira
nekea eta ezina
gogoa da ikasteko
aliaturik handina
euskara da herri honen
bihotza eta arima
euskara ikasi gabe
ze frustrazio gordina
ikasi eta gozatu
nahiz iruditu errutina
euskaltegia delako
euskararen tranpolina.