Orain artean Grezia oporleku zen aldetik ezagutzen genuen. Zenbait lasartear izan da han eguraldi onaren, mediterranioko jateko eta batez ere gure zibilizazioaren jatorriaren peskizan. Aspaldian ordea, helenoak ekonomia arazoak dituzten neurrian dira albiste.
Eta zer du horrek zerikusirik gurekin, zer Lasarterekin. Ba, ezezkoan bazaudete galdetu Joxe Ramoni. Panaderiko Juaniren semea da, datu gehiagorik ez dut emango hark izan duen arazo baten berri ematera noalako. Gurean diren eta ez diren banketxe guztietara joan da kreditu koskor baten eskean. Ustetan, ez zuen eragozpen haundirik eduki beharko 24.000 euro eskatu eta autoa erosteko. Baina, Joxe Ramoni ezezko borobila eman diote.
Aldekoak ditu baduela soldata bat nahiz aldi baterako kontratua izan, etxearen hipoteka zintzo ordaintzen duela hilero eta izen ona duela alde guztietan. Bere kontra ordea, guztiori kontra jarri zaiguna: susmagarri bihurtu garela finantza etxeentzat.
Eta zergaitiak jakiten hasita, bankuko arduradunak garbi asko esango liguke... badakizu, Grezia...
Denok bihurtu gaituzte Greziako zordun. Banketxeek ez dute nolanahi dirurik uzten eta azken urteetan egoera atzekoz besterakoa izan denez... ez dugu erraz etsitzen.
Eta bien bitartean, Lukanikos, Atenasko manifestazio guztietan agertzen den txakur matxinoaren pausuak jarraitzen gabiltza, hangoak gugan duen eragina ezagututa.