Lasarte-Oriako DYAren 25. Urteurrena

Nerea Eizagirre 2011ko urriaren 21a

Joan Antonio Usparitza ginekologoak sortu zuen Bizkaian DYA 1966ko urtarrilean errepidean gertatzen ziren istripuetako zaurituak jasotzeko modu antolaturik ez zegoela ohartuta. Lasarte-Orian 1986ko abenduan sortu zen taldea. Geroztik 25 urte igaro dira eta bailarako ordezkaritzak, Oria Beheko DYAk bere urteurrena ospatuko du azaroaren 5 eta 6an.

Lasarte-Oria bideen sarean puntu garrantzitsua da eta hainbat errepideren bidegurutzea, autopista, N-1, N634a... Arestian hauetan istripu kopuru handia zela eta herrian laguntza talde bat sortzeko premia ikusi zen. Gazte talde bat bildu eta Hernaniko DYAren laguntzaz, 1986ko abenduan sortu zen gure herriko ordezkaritza, orain Oria Beheko DYA bezala ezagutzen dena.
Hilabete batzuk geroago, uztailean, sartu zen Joxe Luis Artola, Joxepo, erakundean eta egun Gipuzkoako eta Estatuko DYAren lehendakaria da. Berarekin bildu gara elkartearen lehenengo pausuak ezagutu eta garapenari buruz hitz egiteko.

Ezer gabe

“Lehen delegatua Nekane Larzabal izan zenean, hasieran, anbulantziarik gabe, ordezkaritzarik gabe, ezer gabe zeuden. Zarautz, Azpeitia eta Hernaniko laguntza izan zuten” adierazi du Artolak.
Orduan, Kuttun, Zumaburuko gozo-dendako jabeak, Begoña Santamariak, lokala utzi zion elkarteari haren lantegi azpian.

Garapena

Anbulantziari dagokionez, batzuetan Azpeitikoek eta besteetan Zarautzekodek utzitakoa erabiltzen zutela gogoratzen du Artolak. “Gero 1987ko urrian lehenengo anbulantzia lortu genuen, Mercedes bat. Arranbiden urte batzuk egin genituen, baita Goiko kalen ere. Egun Usurbilgo Udalak utzitako lokal batean gaude” dio DYAko lehendakariak.
Lasarte-Oriako aurreneko taldea txikia zela jakin arazi digu, “12 edo 14 pertsona. Gerora 1987ko udaran 20 pertsona geunden.”
Egun 50 bat lagun ari dira lanean Oria Beheko ordezkaritzan. “Donostiakoa izan ezik bailara honetakoa da jende gehien duen Gipuzkoako ordezkaritza” azpimarratu du.
Honetaz gain, azpiegiturei dagokionez ere garapen handia izan dutela aipatu du, “baliabide oso gutxi zeuden, ekonomikoki ere ez zebilen ondo, baina ilusioa zegoen.”
Joxe Luisek gogora dakarrenez, “lorpen handia izan zen guretzat Mercedesa izatea”. Orain baliabide hobeagoak dituztela adierazi digu, “bi anbulantzia sendagiledunak eta mendiko erreskateko taldea, besteak beste”.

Zerbitzu gehiago

Joxe Luisek nabarmentzen duenez, gauzak asko aldatu dira. “Lehen urgentziak egiten genituen bakarrik, Osakidetzak bere anbulantziak jarri zituenetik beste zerbitzuak egiten ditugu.”
Honela, gure bailaran DYAk prebentzio-zerbitzuak eta ikastaroak garatzen ditu, ongizate saila, mendiko erreskate taldea,... “Beharraren arabera moldatu behar izan gara, eta moldatu ditugu elkartearen helburua eta formazioa ere” esan digu.
Eta, hau guztia, Gipuzkoarren eskuzabaltasunari esker lortu dutela azpimarratu du.

Ikastaroa Lasarte-Orian

Arestian aipatu legez, ikastaroei garrantzia ematen die elkarteak eta horregatik, sorospenetako ikastaroak eskaintzen ditu herriz herri.
Gauzak honela, Artolak, Lasarte-Orian azaroaren 7an lehen sorospen ikastaro bat hasiko dela jakin arazi digu.
Hiru asteko iraupena izango du, 7tik 25era, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara Atsobakarren dagoen Landaberri Garaikoetxea ikastetxean eta herritar guztiei irekita dago.
Ikastaroan parte hartzeko ez da aurretik ezagupenik izan behar, zerotik hasiko da beraz, eta batez ere egunerokotasunean aurki ditzakegun arrisku egoerei erantzuteko moduak erakutsiko dira, esaterako, bihotz eta birika susperketa, zauriak, erredurak...
DYAko antolatzaileek adierazi dutenez, “ezagupen oso arruntak dira baina laguntza handia eman dezaketenak”, eta oso modu eroso eta atseginean erakusten dira, alde teoriko eta praktikoak jorratuz.
Ikastaro amaierako frogak gainditzen dituenak, DYA Gipuzkoak eskaintzen duen Sorosle Tituloa eskuratzeko aukera izango du eta Euskal Herriko Unibertsitaterako bi kreditu eskuratzeko ere bai.
Ikasle kopurua mugatua da ikastaroaren kalitatea ziurtatzeko, eta matrikula egiteko 100 euro ordaindu behar dira, ikastarorako txostena barne delarik. Izena eman edo informazio gehiago jasotzeko, deitu 943 464 622 telefono zenbakira.