Labaka eta Etxeberria I. Udarregi Sariko finalean dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 21a

Lasarte-Oriako Ane Labaka eta Patxi Etxeberri bertsolariak Udarregi Sariketako finalean kantatuko dute azaroaren 12an Agerialden. Usurbilgo Bota Punttuba Bertso Eskolak antolatu du aurten lehenengo aldiz Udarregi Saria eta bertan bertsolari gazte eta zaharrak lehian jarri ditu, kanporaketa batean sei bertsolari adindu, bestean sei gaztetxo eta bakoitzetik hiruk eskuratu du finalerako txartela.
Horrela, lehenengo kanporaketan eskarmentu handiko bertsolariak aritu ziren Santuenea auzoan Irailaren 18an, igande eguerdian herri bertso-bazkarian: Patxi Etxeberria, Martin Rezabal "Olaso", Oiartzabal, Rosi Lazkano, Luis Otamendi eta Koxme Lizaso.
Martin Rezabak "Olaso" 1991ko Gipuzkoako Bertso txapelketako finalean izan zen aiarra, Luis Otamendi, 1986ko txapelketa nagusian nabarmendu eta Andoni Otamendi herriko bertsolariaren osaba den aiarra, eta Patxi Etxeberria, 1964 eta 1967ko Gipuzkoako txapelketetan 4. eta 3. izan zen herritarra sailkatu ziren finalerako.
Eta gero urriaren 13an bigarren finalerdia gazteek jokatu zuten Aginagako Eliza Zaharrean, San Praixku jaien barruan. Ane Labakarekin batera, Eneritz Zabaleta, Maialen Velarde, Ainhoa Agirreazaldegi, Imanol Lizarazu "Habana" eta Aitzol Barandiaran bertsolariek hartu zuten parte eta azkenean, publikoak eta epaileek hala erabakita, Labaka, Velarde zumaiarra eta Barandiaran ataundarrak egin zuten aurrera.

Finalistak
Beraz, aurten lehenengo aldiz Usurbilgo Bota Punttuba Bertso Eskolak antolatu duen Udarregi Sariketako finalean, Aitzol Barandiaran, Patxi Etxeberria, Ane Labaka, Luis Otamendi, Martin Rezabal "Olaso" eta Maialen Velardek kantatuko dute azaroaren 12an gauean.
Gai jartzailea, Bota-Punttuba eskolako Imanol Arabaolaza "Txatxari" izango da eta aipagarri antolatzaileek gaiak proposatzeko aukera eskaini dutela, Bordatxo eta Txiriboga tabernetan jarri diren kaxetan edo botapunttuba@gmail.com helbide elektronikoan. •