21-“Ostadarrek lehenengoa izan behar du”

Nerea Eizagirre 2011ko urriaren 21a

Ostadar S.K.T.-ko Erregional Goreneko taldean aldaketa garrantzitsua egon da. Joxean Beldarrainek taldeko entrenatzaile izateari utzi eta egun talde tekniko berri eta gaztea dago kirol elkarteko lehenengo taldean gogor lanean.

Erregional Goreneko entrenatzaile berria Mikel Martija da; Asier Gorostegi eta Asier Munduate, aldiz, bere laguntzaileak. Martija eta Gorostegitekin bildu gara taldearen asmoei buruz gehiago jakiteko.

Mikel, nolatan erabaki zenuen entrenatzaile postua hartzea?
Mikel.- Nik sei denboraldi daramazkit entrenatzen Ostadarren. Ez dakit egiten dudan lanarengatik, edo nire perfila ondo zetorrela ikusi dute. Etxeko pertsona bat, jendea ezagutzen duena, filosofia...
Nik hasiera batean ez nuen ikusten, azkenean ehuneko handia nire koadrilako jendea da.
Baina hori kontrako gauza bezala ikusi beharrean aldeko bezala hartu nuen. Lagunarteko giro hori ona izan ahal zela uste nuen.

Baina erronka handia izango da zuretzat zure adineko jendea zuzentzea?
M.- Jendeak galdetzen du, “eta kasurik egiten al dizute?” Kasu egiten didate eta batzuetan gehiegi, ez dute ezer esaten, nahiz eta ni oker egon. Izotza puskatzea falta zaie.
Gainera koadrilakoak ez direnak edo ezagunak ez direnak, nik entrenatu ditut kadeteetan edo jubeniletan.
Izan ere, jokalariekin beti izan dut adin tarte txikia. Ni kadeteetan entrenatzaile lanetan hasi nintzenean, jubeniletan jokatzen nintzen. Beti hiru edo lau urteko diferentzia izan da, ia ez da ezer entrenatzaile moduan.
Eta horrek gauzak asko kontrolatzea ekartzen zuen, gauzak ongi egin, jokalariek beti zuregan sinestea eta horrek lana ematen du.
Orain askoz gehiago, batzuk ni baino zaharragoak direlako.

Talde tekniko guztia aldatu duzu, ezta?
M.- Entrenatzaile lanetan beti aritu naiz Iban Manzanorekin, baina Bartzelonan dago.
Iaz Asier Gorostegiren aukera tanteatu nuen jubeniletan aritzeko baina ez zen gehiagora iritsi. Aurten aukera ikusi bezain pronto deitu nion. Bera nolakoa den jakinda aukera ona zela uste nuelako. Izan ere, duen inplikazioa oso interesgarria da.
Asier Munduateren kasua bestelakoa da. Atezainek entrenatzaile espezifikoa izatea eta ongi prestatuak egotea gustuko izan dut beti. Ez genuen argi ikusten pertsona hori. Baina Munduren disposizioa eta gogoek bera aukeratzea ekarri zuten.

Maila desberdinetan entrenatzaile lanetan egon izanak esperientzia ematen du?
M.- Zenbat eta maila handiagoa gehiago ikasten duzu eta hiru hilabete hauetan gauza asko ikasi ditut.
Gehiago pentsatu behar duzu. Emaitzak aztertu eta taldean kalitatea badago, zer egin erabaki behar duzu.
Gainera, talde erreferentea da herrian eta gu ikustera datorren jendeari zerbait eskaintzea ongi dator.
Honela, eskaera maila handiagoa, bideo gehiago ikusi, partidak gehiago aztertu, informazio gehiago jasotzen duzu... guztia aurrera eramateko.

Jokalari berririk ba al dago taldean?
M.- Ostadarrera bueltatu dira Asier Paniagua eta Iñigo Gonzalez. Azken hau Antiguokotik dator eta bere ezaugarriengatik jokalari interesgarria da.
Asier.- Ostadarretik joan zen Antiguokora. Bestalde, Iñigo Vila iaz bueltatu zen, baina lesionatua. Osatu egin da eta jokalari bat berreskuratu dugu.
M.- Baja batzuk egon dira, baina ez dago jokalari aldaketa gehiagorik.

Nola joan zitzaizuen aurredenboraldia?
M.- Sentsazio onak izan genituen. Baina gogorra izan zen emaitzetan batik bat.
A.- Aurredenboraldian jokatutako partidatan, jubenil bat izan ezik, beste taldeak maila altuagokoak ziren.
M.- Goletan tarte handia bazegoen ere, partidak aztertuz, ongi jokatu genuen. Emaitzak ez genituen kontuan izan nahi, gure jokoa eta profila mantendu nahi genuen.
Gure apostua baloiaren jabetza guk izatea da. Amaierara arte eraman nahi dugu partida eta gainera emaitzak laguntzen badu hobe.

Ongi hasi zenuten denboraldia, lau partida irabaziz, baina duela bi aste Beti Onaren aurka galdu zenuten...
M.- Aurreko urteekin konparatuz, aldeko gol kopurua ona zen, baina aurkakoa handia.
A.- Eta ongi hasi ginela zirudien, baina hurrengo partidatan arazoak izan genituen.
M.- Defentsiboki taldeak ez du sofritzen. Baina akats puntualek aurkaria hiru alditan iristea dakarte eta hiruretan gola egitea. Eta nahiz eta zu gehiagotan iritsi, ez duzu golik sartzen.
Hau arazo txikia baina larria da. Zuzentzen saiatuko gara eta denboraldiak markatuko digu zer egin. Helburua gertu badugu jarraituko dugu eta urruntzen bada eta lehentasuna hau dela ulertzen badugu, aldatuko dugu.

Eta aipatzen duzun helburu hori igoera da?
M.- Guk ulertzen dugu taldeak duen mailagatik goiko postuetan egon behar duela. Baina klubetik ez digute igoera gure helburu nagusia dela esaten.
Talde barruko proposamenetan helburu batzuk zehaztu ditugu, egiten dugun lanak helmuga bat izan behar du eta igotzeko aukera izan daiteke. Baina berebizikoak dira jokalariak gustura egotea, entrenamendu onak egitea, jendeak parte hartu nahi izatea, etab.

Eta ez al duzue presioa nabaritzen?
M.- Azken bi urteetan taldea goiko postuetan ibili da. Duela bi urte, gutxirengatik ez zen igo. Gainera, nabari da jendeak talde hau goiko mailan egotea nahi duela.
A.- Presio hori badago. Gainera, entrenatzailea berria da eta ni bere laguntzailea. Bi gazte ikusten dituzte eta “ea zer egiten duten” pentsatu. Gure gain dago gauzak ongi ateratzea, ze gaizki badoaz, jendeak arrazoiren bat bilatuko du, “gazteak ziren, normala da”.
Baina hasiera ona izan da eta lagundu du.
M.- Jokalarien konpromezua, nahia eta portaera ere oso garrantzitsua izan da. Jokalariek gogo eta kalitatea badute gauzak ateratzeko zailtasunik ez dago, oinarria jarrita dago. Gero guk dauzkagun gogo eta ideiekin asmatzen badugu, fruituak izango ditugu.

Zeintzuk dira Ostadarrekin lehian egongo diren taldeak?
M.- Zaila da denboraldi hasiera honetan zerbait esatea. Ostadar talde erreferentea da. Hirugarren izan zen iaz eta goiko bi taldeak mailaz igo ziren. Goitik ez da inor jaitsi. Kinielen arabera, lehenengoa izan beharko luke eta horrek ez digu beldurrik ematen.
Beti Ona, Mundarro eta Touring gurekin lehian egongo direla uste dugu.
Oraintxe sailkapeneko lehenengo postuan dago Mundarro. Hasiera ona egin du.
A.- Seitik sei irabazi dituzte. Baina ez dakigu noiz arte mantendu ahalko duen maila hori.
M.- Beti Onak aldiz sentsazio ona eman zigun. Talde lotua eta ideia argiak dituena da.
Beste talde garrantzitsua Touring izan daiteke. Baina hasiera kaxkarra izan dute, baina buelta eman ahal diotela ziurra da.