21-Baserritarrez dotore janzteko ikastaroa

jon-altuna-iza 2011ko urr. 21a, 02:00
Josten ikasteko ikastaroa antolatu du Ttakunek azaroan: giro onean, 10-12 lagunek, Euskal jantzi tradizionalak nolakoak diren ikusi eta gero nahi duenak berea egiteko aukera izango du aldi berean euskara praktikatuz. Gainera dantzaldi eta erromeriatan dantzatzen diren piezak ikasteko aukera eskaintzen du aurten bigarren aldiz Ttakunek. Dantzan ez dakitelako begira egoten direnei erakutsiko dizkie David Egizabalek dantzarik ezagunenak.
A urreko urteetan bezala, Euskal jantzi tradizional dotorea norberak josi, egin eta janzteko aukera izango da Lasarte-Orian Ttakun Kultur elkarteari esker. Azken urteotatako arrakasta kontutan izanik, aurten ere zortzi saiotako ikastaroa emango du Jone Artola irakasleak. Izena ematen dutenek, neurriak hartu eta oihalak mozten ikasteaz gain, josteko makina erabiltzeko aukera izango dute irakaslearen laguntzarekin.
Jostungintza ikastaroak duela lau urte hasi ziren Ttakunen eta erantzun ona izan dute. Aurreko urteetan jantzi dotorea josteaz gain, bainikaz apaindutako mantala edo soinekoak egin zituzten. Aurten soilik baserritar arropak egingo dira, gero Santo Tomas egunean, eguberritan edo Santa Ageda egunean janzteko.
Ttakunek hainbat ikastaro antolatzen ditu euskararen erabilera bultzatzeko eta lagunarteko giro onean jardun ezberdinak ikasteko. Azaroaren 3tik 29ra bitartean jostungintzari buruzko zortzi saio burutuko dira, astean bi egunetan, astearte eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara bitartean.
Ikastaroa Ttakunek Erribera kalean duen lokal zaharrean egingo da eta bertan dauden josteko makinak erabiliko dira. Interesatuek izena emateko edota dituzten zalantzak argitzeko Ttakunera 943 37 14 48 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Izena emateko epea hilaren 28ra arte dago zabalik, baina kontutan izan behar da ikastaroko partaideen kopurua mugatua dela, 10-12 lagunentzat tokia da. 22 euro ordaindu behar dira, eta Ttakuneko bazkideek 20 ordainduko dituzte. Gainera, jantzia egiteko materiala ere eraman beharko dute, oihalak, orratzak, botoiak, eta abar, norberak bere gustuko kolore eta erara egiteko.
Euskal dantza jantzia nolakoa den ikusteko liburuxka bat kaleratu zuen Ttakunek 2007an eta jantzi tradizional horietan oinarrituta egiten dituzte ikastaroan parte hartzen duten jostunek euren jantzi bereziak, gainera sos batzuek aurreztuz eta norberari egokitutako eta norberaren gustuko jantzia eginez.

Dantza ikastaroa

Ttakun Elkarteak, bestalde, Muxikoak ikastaroa jarriko du abian laster eta izena emateko epea ireki du. Herritar asko izaten da, dantza egin nahi bai baina ez dakielako alboan begira eta hori ikusita iaz antolatu zuen lehenengo aldiz Ttakunek ikastaroa. Jada ez da garai batean bezala igandero herriko plazan dantzaldirik antolatzen, eta ez da lehen bezala dantzaldi horietan dantzan ikasten. Beraz, urtean zehar diren jai egun edo feste ezberdinetan dantza egitera bultzatzeko antolatu du Ttakunek ikastaroa David Egizabalen eskutik.
Ikastaroa udazkenean burutuko da eta erromerietan dantzatzen diren piezak erakutsiko dira. Ikastaro hau ere euskaraz emango da Ttakunen helburua iharduera ezberdinak egin, ikasi eta lagunartean ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea baita.
Adin edo maila mugarik ez duen ikastaroa izango da, eta gainera ikasleek nahi eta gogoetara egokituko dena. Ikasleen erritmo eta eskakizunetara moldatuko direla adierazi dute antolatzaileek. “Helburu nagusia dantzan ikasiz ondo pasatzea izango da, euskaraz”.