22-Hiru herritar Gpuntuko final laurdenetan

jon-altuna-iza 2011ko urr. 22a, 02:00
Larunbatean hasiko da Oñatin Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien txapelketako hurrengo fasea. Final laurdenetarako 30 bertsolari sailkatu dira, horietatik 3 lasarteoriatarrak, eta 18 pasatuko dira final-erdietara. Lorpen handia litzateke, Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labakarentzat final-erdietara iristea, baina txartela oholtzan lortu beharko dute. Otamendik igandean kantatuko du Villabonako Olaederra kiroldegian arratsaldeko 17:30etan, Beñat eta Unai Gaztelumendi, Lizarralde, Unai Agirre eta Mantxirekin. Labaka eta Muñoak Azpeitian kantatuko dute Izarraitz pilotalekuan azken final-laurdenean, azaroaren 6an 17:30etan. Beraz, kantatu eta segituan jakingo dute aurrera egingo duten ala ez, aurreko faseko egonezin eta estuasunik gabe.
Zarautz eta Oiartzun dira, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako final-laurdenetan ordezkari gehien dituzten herriak. Lau dira zarauztarrak, Mantxi, Felix Zubia, Nahikari Gabilondo eta Oier Aizpurua. Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra ere bertan bizi da aspaldion.
Oiartzungoak dira Gpuntuan aurrera egin duten bertsolarietatik beste lau, Ander Lizarralde, Xamoa, Jon eta Alaia Martin anai arrebak. Lasarte-oriatarrak hiru dira, Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labaka, eta aurrera egin dute Lasarteko bertso eskolan diharduten edo berarekin lotura estua duten Amaia Agirre eta Unai Gaztelumendik ere. Hauek Hernaniko bertso eskolan ibiliak dira eta Hernanik ere ordezkari mordoska ditu, Iñaki Zelaia eta Unai Agirre bertakoak, JexuxMari Irazu, Añorgako gaztelumenditarrak, Astigarragako Agin Rezola,...
Gpuntua txapelketako final-erdiak bihar larunbata hasiko dira Oñatin. 30 bertsolaritik 18 sailkatuko dira final-aurrekoetara eta beraz 12 geldituko dira kanpoan. Bihar, Beñat Lizaso, Agin, Iban Urdangarin, Iñaki Gurrutxaga, Zelaia eta Irazuk kantatuko dute eta igandean Villabonan, Andoni Otamendirekin batera, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek, Lizarraldek, Unai Agirrek eta Mantxik.

Neska-mutilak

Hondarribi eta Idiazabalgo saioetan, urriaren 29 eta 30ean, sexu parekotasuna izango da, hiru gizonezko eta hiru emakumezko izango dira kanporaketa bakoitzean, Amaia Agirre, Alaia Martin, Nahikari, Aitor Sarriegi, Kazabal eta Iñigo Eizagirre Hondarribin eta Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Zubia, Aizpurua eta Jon Martin, Idiazabalen.
Azken saioa Azpeitian izango da azaroaren 6an arratsaldeko 17:30etan eta erabakiorra izateaz gain interesgarria dirudi bertan izango direlako Ane Labaka eta Unai Muñoarekin batera "etxean" kantatuko duen Jokin Uranga, Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi eta Xamoa.

Final-laurdenetako lanak

Final-laurdenetan 12 bertso eta 6 kopla kantatu beharko dituzte bertsolariek, binaka gaia emanda kasu gehienetan: 6 puntuko motzean hiruna bertso, hiru puntuko seina kopla, (30 puntu) eta zortziko handian beste hiruna bertso; gero bakarka, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso eta kartzela binaka gaia emanda eta hamarreko txikian hiruna bertso.
Aurten ere finala Ilunben egingo da, Donostian, abenduaren 18an eta baina aurretik Arrasate, Tolosa eta Hernanin jokatuko dira final-erdiak.