22-25 Lasarte-Oriaren izena zabaltzen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urriaren 22a

Euskadiko egunak, urriaren 22tik 25era, sortu zuen zubiaz baliatuz herriko Zero Sette akordeoi orkestrak eta Alboka abesbatzak Estatuko puntu desberdinetara egin zuten bidaia gure kultura eta folklorea zabaltzeko asmoz. Zero Sette akordeoi orkestra Bartzelona eta Sabadell aldera joan zen Trintxerpeko Illunbe orkestrarekin batera Sabadellgo orkestraren XX. urteurren ospakizunean parte hartzeko; Alboka abesbatzak, aldiz, Andaluzia aldera jo zuen. Herriko abesbatzak El Puerto de Santa Maria herriko El Jardin de Schönberg abesbatzari bisita bueltatu eta, bide batez, Cadiz ingurua eta Sevilla ezagutu zituzten abesbatzeko kide eta bazkideek.

Lasarte-Oriako Zero Sette Akordeoi orkestrak eta Alboka abesbatzak gure herriaren izena eta gure kultura eraman dute Katalunia eta Andaluzia aldera. Sabadellgo akordeoi orkestrak eta El Puerto de Santa Mariako “El Jardin de Schönberg” abesbatzak egindako gonbidapenei erantzunez egin zituzten bidaiak herriko bi taldeek eta arrakasta handia izan dute haien emanaldietan.

Urteurrena

Zero Sette akordeoi orkestra Katalunia aldean izan da. Bertan Sabadell eta Bartzelonan kontzertu bana eskaini zituen Trintxerpeko Illunbe orkestra lagun izan zuela.
Aipatu legez, Sabadellgo orkestraren XX. urteurrena ospatzeko ekintzetan parte hartzeko gonbitearekin egin zuen Kataluniarako bidaia Zero Sette orkestrak.
Lasarteoriatarrak Unim auditorioan antolatutako kontzertu nagusian izan ziren, Illunbe eta Sabadellgo orkestrekin batera.
Emanaldi arrakastatsu honetan talde bakoitzak bere saioa eskaini zuen. Herriko taldeak estilo desberdinetako lanak taularatu zituen, hala nola, G. F. Händelen “La llegada de la Reina de Saba” doinu klasikoa, “El Baile de Luis Alonso” eta “El Tambor de Granaderos” zartzuelak edo jazz kutsua duen “Duke Ellington in accordion” abestia.
Eta kontzertu bereziari amaiera borobila emateko, Elias Goikuria, herriko taldearen zuzendariak moldatutako Jörg Draeger-en “Russische Fantasie” lana batera jo zuten hiru orkestrek.
Sabadellen gainera, herriko akordeoi orkestrak Lasarte-Oriako ordezkari lanak egin zituen bertako udal taldeek eskainitako harrera ofizialean.
Talde lasartearrak bertako orkestraren urteurren ekimenetan izateagatik oroigarria jaso zuen eta bere aldetik, Zero Sette-ko Maite Janeiro eta Elias Goikuriak Lasarte-Oriako udaletxearen izenean udal ordezkariei oroigarria eman zieten.

Harrera beroa Bartzelonan

Hurrengo egunean, Zero Sette eta Illunbe orkestrek kontzertua egin zuten Bartzelonako Cuenca Etxean.
Bertara jende asko gerturatu zen eta horren adibide izan zen emanaldiaren bukaeran bertaratutakoek taldeei eskainitako txalo zaparrada luzea.
Herriko taldea pozik azaldu da Katalunia aldean jasotako harrera beroarekin baita egindako lan txukunarekin.
Zero Setteren hurrengo kontzertua, abenduaren 2an izango da "Ciudad de Valladolid" IX. akordeoi jaialdian.

Alboka Cadizera

Egun horietan, gure herriko Alboka abesbatzako berrogei bat kide eta bazkideek ere Cadiz aldera egin zuten bidaia.
El Puerto de Santa Mariako “El Jardin de Schönberg” abesbatza apirilean gure herrira etorri eta kontzertu paregabea eskaini zuen Ama Brigitarren komentuan.
Orduan, Cadizeko abesbatzak gonbita egin zion Lasarte-Oriako abesbatzari eta horri erantzunez egin zuen Albokak lau egunetako joan etorri hau.

Talde mixtoa

Gauzak honela, Kristina Perez Abreu eta Montse Latorrek zuzentzen duten taldeak El Puerto de Santa Mariako Espiritu Santu elizan kontzertua eskaini zuten, urriaren 22an.
El Jardin de Schönberg abesbatzak eman zion hasiera emanaldiari Garcia Lorca-ren hitzetan onarritutako “Canto de la tierra” eta “Summer time” doinuekin.
Lasarte-Orian El Puertoko taldea emakumeen abesbatza bezala aurkeztu bazen ere, haien herrian abesbatza mixto formatuan entzuteko aukera izan zuten Albokako kide eta lagunek.

Adeitasuna

Jarraian, Lasarte-Oriako abesbatzaren txanda izan zen eta Espiritu Santu eliza bete zuten ikusleen beroa eta adeitasuna jaso zuen bere lehenengo kantutik. Euskal jantzia soinean bertan zeuden guztiei ongi etorria egin zien abesbatzak agurra abestu eta dantzatuz.
Kontzertuan eliz abestiak eta folklorea uztartu zituen herriko taldeak. Esate baterako, “Kitolis” edo J. Bustok moldatuako “Porrusalda” eskaini zituzten eta txalo zaparrada handia jaso zuen Albokak.
Eta kontzertuari amaiera emateko bi abesbatzek batera bi lan abestu zituzten: batetik, emakumeak bakarrik X. Sarasolaren “Ave Iesu” kantatu zuten bi tronpen laguntzaz eta, bestetik, guztiek batera “A la fuente del Olivo” kordoba aldean egindako kopla.

Oroigarriak

Baina guztia amaitu baino lehen, oroigarri banaketa izan zen. El Jardin de Schönberg abesbatzak bi taldeen argazkiekin egindako koadroa eman zion Albokari; Academia de Bellas Artes Santa Ceciliaren eskutik, domina eta Albokak, aldiz, Lesbordes-en Kantuz abestiaren hitzak idatziak zituen makila oparitu zion El Jardin de Schönberg-i.
Era berean, larunbat honetan Alboka herriko abesbatzak Legazpian izan du kontzertua, SantiKutz abesbatzak antolatuta.