Osatu beharreko zazpi kilometroko ibilbidea honako hau izan zen. Okendo plazatik atera, Oriaraino joan, ostera Loidi Barrengo pilotaleku pasa, Atsobakarren itzuli txiki bat eman eta Okendo plazara buelta berriro.
Bazkaria eta dantzaldia
Ibilaldia egin ostean eta sabelak hustuta, 14:30ak aldera bazkaria egin zuten Michlelingo pilotalekuan. Mahaiak eskualdeka zeuden banatuta, Gipuzkoa osotik etorri baitzen jendea. Gustura aritu ziren jubilatu guztiak mahai-inguruetan egunaren nondik norakoak elkarri azalduz.
Postrea, kafea eta kopak mahai gainean zirela eman zitzaion hasiera oroigarrien banaketari. Hiru sari banatu zituen “Asociación Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas” elkarteak. Lehena, Mertxe Galdós, Marisol Tejería, Itziar Camarero-Nuñez eta Marisol Ceca Biyak Bat elkarteko ibiltari talde zaharrenarentzat izan zen, Pablo Barrio alkatearen eskutik. Bigarrena, Lasarte-Oriako udalarentzat, martxari eman dion laguntzagatik. Azkena berriz, Biyak-Bat elkartearentzat izan zen, martxari emandako sostenguagatik.
Antolakuntza pozik
Jose Riviere “Asociación Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas” elkarteko presidenteak azaldu digunez “izugarri gustura” daude martxak Lasarte-Orian izan duen harrerarekin. “Oso paseo polita eman dugu herrian barrena, lehen aldia da Lasarte-Oriara natorrela eta harrituta geratu naiz, uste baino politagoa da herria eta gainera, espaloi zabalak dauzka paseatu ahal izateko”. Eguraldiak lagundu izanaren garrantzia azpimarratu zuen eta udaleko ordezkariei eskerrak eman nahi izan dizkie euren harrera eta laguntzagatik.