Mundubat GKEk nekazaritza eta elikadurari buruzko dokumentalekin bi emanaldiko topaketa antolatu du gaur eta bihar "Nekazarien borrokak, biodibertsitatea, lurraldea eta elikadura burujabea” titulupean herriko kultur etxean. Arratsaldeko 19:00etan hasita bi dokumental emango dira ostegunean eta beste bi ostiralean. Sarrera, doan izango da.
Gaur, “la Pachamama no se vende” Ekuadorko indigenek beraien lurrak ustiapen komertzialetatik babesteko darabilten borrokari buruzko dokumentala eta ondoren “Mujeres Campesinas Andaluzas” herrialde horretako emakumeei buruzkoa eskainiko dira.
Bihar beste bi filme izango dira ikusgai, Nikaraguako “Primero el Gallopinto” eta Euskal Herriko “No te comas el sur”. Lehenengoan Nikaraguak elikaduraren aldetik bizi duen krisia azaltzen da. Egunez egun, herrialdeak gutxiago ekoiztu eta gehiago esportatzen duenez, biztanleak bertako baliabideekin elikatzeko gaitasuna galtzen ari dira eta bere elikaduraren subiranotasuna galtzearen ondorioak erakutsi nahi ditu filmeak.
Euskal Herrian egindako “No te comas el Sur” dokumentalak merkataritza sistemaren egungo egoera islatu eta merkataritza sare txikiek duten garrantzia eta nekazariarentzat dituen onurak goraipatzen ditu.