Denok dakizuen bezala ez naiz Lasarteoriatarra, Bilbotarra naiz eta zehatzago esanda Errekaldetarra. Urteak pasa nituen auzo horretan eta gogoratzen dudanez, Bilboko zentroarekin zerikusi gutxi zuen.
Udal gobernuak urtez urte ahaztua izan zuen eta du auzo hau, bertan egindako azpiegitura handiena autopista izanik. Ahaztu gabe autopista azpian dagoen parkea, bertan etxeak egitea ezinezkoa delako noski.
Auzotarrak toki askotatik etorritako pertsonak dira, esan daiteke Lasarte-Orian gertatu zen antzeko immigrazio prozesua eman zela. Ondorioz, denbora gutxian eta modu masiboan izugarri handitu zen auzunea da hau, bere sorreran Bilboko txabola auzo famatuak jaso zituen auzunea.
Bilboko udalak hiri zentrala nahi du, soilik ikusi eta erosteko kulturarekin mamitua. Baina gure hiria ez da zentrala, periferikoa da jendeak auzoetan egiten baitu bizitza eta bertan ere izan nahi dituelako beharrezkoak diren gune sozial eta kulturalak.
Momentu askotan, iluna, grisa eta zikina gogoratzen dut auzoa, bertan bizi den jendearen grina eta gogoagatik ez balitz, oraindik ere horrelako auzoa izango genuke. Egoera hau aldatu nahian gazteak hasi ziren espazio baten beharra aldarrikatzen eta udalaren jarrerak bultzatuta okupazioaren hautua egin zuten.
Kukutza izena aukeratu zuten, auzoan dagoen mendixka baten izena. Kukutza III bere izenak esaten duen bezala, hirugarren saiakera da. Hirugarren saiakera eta indartsuena. Hasiera batean jendeak mesfidantzaz ikusten zuen proiektu sortzaile hau eta seguru nago gaur egunean ere jende askok jarrera hau izango duela.
Baina proiektu honen bidea pixka bat ezagutu dugunok oso harro gaude urteetan zehar parte hartu duen jende guztiaz.
Nik ere proiektu honetan parte hartu nuen, nerabezaroan nengoen eta asteburu askotan babesa eman zidan kultur gune honek. Momentu horretan proiektu ugari martxan jarri ziren, gaur egunean den Kukutza izateko bidea abian zegoelarik. Auzoko, Bilboko eta Euskal Herriko jende ugari hurbildu da Kukutzara bere bizitzan zehar eta proiektu berriak etengabean sortu dira.
Bertan zegoen Bilboko boulderrik handiena, Hego Euskal herriko malabarista eskolarik handiena ere bertan babesa hartu zuen. Eta ume eta gazte ugarik bertan praktikatzen zuten beraien ametsak egi bihurtu nahian. Prezio merkean eskaintzen zen jangela begetarianoa, dantzarako guneak, bigarren eskuko gauzen trukaketa gunea, garai bateko teteria, taberna, entsegu gelak, kontzertu gunea, gimnasioa, eta hirugarren adinekoei zuzendutako tailerrak besteen artean bertan ere tartea zuten.
Hau guztia udaletxetik laguntzarik jaso gabe, ondo antolatutako asanbladak eta gazteen grina medio bakarra zutela.
Edozein adineko jendea biltzen zen bertan. Umeak urtebetetzeak ospatu eta malabarista izateko ilusioarekin bertaratzen ziren. Eta adineko jendeak, udal gobernuak beraien lokaletatik bota eta hemen hartu zuen aterpe, Kukutzako ateak auzotar guztientzat irekita baitzeuden. Ez auzotar guztientzat soilik baita mundu osora ere.
Gaur egun, eraikina ia-ia osorik botata dagoenean auzoan isuritako malko bakoitzean pentsatzen jartzen naiz. Bertan behera palada batez utzitako zenbat amets, konstruktora baten mesedetarako aldatutako kalifikazioa.
Onartu behar dut, niri ere malkotxoak ihes egin zidala. Malko hori lurrera erortzean Azkuna jaunari hurrengoa galdetzeko gogoa sortu zitzaidan: gazte guzti horiek non eskalatuko duten orain, non umeek malabarista bihurtu, non adinekoek beraien lanak burutu.
Baina erantzuna ez da iritsiko, ez baitauka auzo honetarako proiektu kulturalik. Errekaldek kultur gunea behar du ez soilik gutxi batzuk eros dezaketen etxe gehiago! Kukutza bezalako proiektu gehiago behar ditugu! Kukutza IV eraiki bidean nire besarkadarik beroena.
Nerea Sanchez
Lasarte-Oriako alkateordea