Aparteko giroa jubilatuen martxan

jon-altuna-egitegi 2011ko urriaren 28a

Aurtengoan Lasarte-Orian burutu da Gipuzkoako jubilatuen martxa probintziala. 500 parte-hartzailetik gora izan ziren eta eguraldi ona lagun, inongo arazorik gabe egin zuten herrian barrena antolatutako 7 kilometrotako ibilbidea. Ibilaldiaren ostean, bazkaria egin zuten Michelingo pilotalekuan "Asociación Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas" elkarteak antolatutako martxa izan zen, herriko elkarte Biyak Bat elkartea eta Lasarte-Oriako udalaren laguntzaz.

Jende andana zebilen Okendo aldean igande goizean. Dozena bat autobus iritsi ziren herrira goizean goiz eta 11:00ak aldera Gipuzkoa osotik etorritako hainbat eta hainbat jubilatu martxari ekiteko prest zeuden. Minuturo, lau pertsonako taldeetan ateratzen ziren Okendo plazatik. Guztira 144 talde zeuden izena emanda ibilbidea osatzeko eta giro onean burutu zuten bidea.
Osatu beharreko zazpi kilometroko ibilbidea honako hau izan zen. Okendo plazatik atera, Oriaraino joan, ostera Loidi Barrengo pilotaleku pasa, Atsobakarren itzuli txiki bat eman eta Okendo plazara buelta berriro.

Bazkaria eta dantzaldia

Ibilaldia egin ostean eta sabelak hustuta, 14:30ak aldera bazkaria egin zuten Michelingo pilotalekuan. Mahaiak eskualdeka zeuden banatuta, Gipuzkoa osotik etorri baitzen jendea. Gustura aritu ziren jubilatu guztiak mahai-inguruetan egunaren nondik norakoak elkarri azalduz.
Postrea, kafea eta kopak mahai gainean zirela eman zitzaion hasiera oroigarrien banaketari.
Hiru sari banatu zituen "Asociación Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas" elkarteak. Lehena, Mertxe Galdós, Marisol Tejería, Itziar Camarero-Nuñez eta Marisol Ceca Biyak Bat elkarteko ibiltari talde zaharrenarentzat izan zen, Pablo Barrio alkatearen eskutik. Bigarrena, Lasarte-Oriako udalarentzat, martxari eman dion laguntzagatik. Azkena berriz, Biyak-Bat elkartearentzat izan zen, martxari emandako sostenguagatik.

Antolakuntza pozik

Jose Riviere Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteko presidenteak igandean azaldu zigunez "izugarri gustura" daude martxak Lasarte-Orian izan duen harrera onarekin.
"Oso paseo polita eman dugu herrian barrena, lehen aldia da Lasarte-Oriara natorrela eta harrituta geratu naiz, uste baino politagoa da herria eta gainera, espaloi zabalak dauzka paseatu ahal izateko" esan zigun.
Eguraldiak lagundu izanaren garrantzia azpimarratu zuen eta udaleko ordezkariei eskerrak eman nahi izan dizkie euren harrera eta laguntzagatik