Betidanik izan al zara bada kirolzale?
Egia esan ez nintzen haur kirolaria izan. Herrian kiroldegia zabaldu zutenean, karatean izena ematera animatu nintzen. Ordurako 16 edo 17 urte izango nituen eta taldean neska bakarra nintzen. Karatea oso gustura egiten nuen baina lesionatu eta ezin izan nuen jarraitu. Momentu horretan Maite ahizpa oso maila onean zebilen korrikan eta berarekin entrenatzen hasteko animatu ninduen. Horrela hasi nintzen korrika. Hasieran nire ahizpa eta taldeak hipodromoari bost buelta ematerako, nik bakarra ematen nuen.
Asko kostatzen zitzaidan erritmoa jarraitzea, ahal nuena egiten nuen saio bakoitzean baina batzuetan oso nekagarria eta gogorra iruditzen zitzaidan. Gero poliki poliki gorputza prestatzen joan eta maila hartzea lortu nuen.
Nolatan hasi zinen lasterketetan korrika egiten?
Zerbait naturala izan zen. Maila pixkat hartu nuenean entrenatzen nuen taldearekin lasterketa ezberdinetara korrika egitera joaten hasi nintzen, batzuetan asteburu bakarrean bi egiten genituen. Entrenatzen nuenez, lasterketa ezberdinetan parte hartzea beste pauso bat ematea besterik ez zen izan.
Garai hartan lasterketa askotan ahizpa eta ni ginen emakume bakarrak. Lasterketa asko eginda nago, inguruko gehienak eta baita Biarritz eta Donibane Lohitzunekoa ere besteak beste.
Eta Lasarte-Oria Bai! krosa noiztik egin duzu?
Lehen ediziotik egin dut korrika herriko krosean. Nire herria izanda beti parte hartu nahi izan dut, asko gustatzen zait. Ez dut ondo gogoratzen baina behin edo bitan huts egin dut. Uste dut bat haurdun nengoelako eta bigarrena alaba eduki ondoren gorputza ez nuelako prestatuta ikusten. Herriko ezagunekin korrika egitea beti gogoz hartzen da eta gainera orain ahizpa Gasteizen bizi dela, eskertzen da herrian behintzat lehen bezala elkarrekin korrika egitea.
Egun beste lasterketetan ere parte hartzen duzu?
Bai baina beti nire erritmoa markatu izan dut. Ez dut lehiakortasunaren gatik korrika egiten, gustatzen zaidalako eta kirolarekin disfrutatzen dudalako baizik.
Horrek esan nahi du, esaterako, nahi ditudana entrenamendu saioak egiten ditudala. Boladak egon daitezke: batzuetan, entrenatu gabe egotea erabakitzen dut alabarekin edo familiarekin denbora gehiago pasa nahi dudalako adibidez. Horregatik lasterketan parte hartzeko erabakia berdin hartzen dut, gogoa badut joaten naiz eta bestela ez. Azkenekotakoak izan dira Porrontxo jaietako lasterketa herrikoia Egian, Urnietako Herri Bira eta Faro de la Plata igoera Pasaian.
Bereziki gogoratzen duzun saririk jaso al duzu?
Sariak irabazi izan ditut. Batzuetan dirua izan da eta gehienetan trofeoa oroigarri gisa. Bereziki gogoratzen dut Adarrarako igoera egin nuen lehen aldia. Ahizpa eta ni ginen emakume bakarrak eta berak gizonezkoekin lehiatzeko maila ona izan arren, atzean etorri zen nirekin, ez zegoen ibilbidea guztiz ondo markatuta eta jaitsieran galdu egin ginen! bidea aurkitzean ahizpa azkarrago joatea bultzatu nuen behintzat berak saria eskuratzeko, bera lehenengo iritsi zen eta ondoren ni. Azkenean biek saria jaso genuen berak 50.000 pezta eta nik 25.000. Nahiz eta neska bakarrak izan bi ordutik gora eginda sari gabe geratzen ginen.
Egia esan hasierako urteetan lasterketa askotan gertatu zitzaigun emakume bakarrak izatearena horregatik ere, kopa asko ditut etxean.
Lasterketa herrikoiak asko aldatu al dira?
Asko. Batetik jendetzak parte hartzen du egun, bai gizonezkoek baita emakumezkoek ere, eta bestetik, garesti ateratzen da korrika egitea. Ez beti, ez da lasterketa guztietan hori gertatzen, batetik bestera alde handia dago.
Lehen gehienak doakoak ziren eta orain bezala, kamiseta ematen zuten opari. Orain hamar eurotik gora ordaindu behar da gehienetan eta nire ustez zenbait kasutan, ez guztietan, gehiegizko prezioa da Behobiaren 33 euroak adibidez.
Parte hartze handiarena polita da, horrek publiko gehiago erakartzen du eta azkenean asko laguntzen du korrika zoazela animoak eta txaloak entzutea. Hasieran ia ikuslerik gabeko lasterketak egitea gogoratzen dut eta nahiago dut publikoa hor dagoela ikustea.
Nola prestatzen dituzu lasterketak?
Saiatzen naiz beti entrenamendu maila bat mantentzen, astean bitan edo lautan ateratzen naiz korrika egitera eta horrek laguntzen dit lasterketetarako gorputza prest edukitzen.
Gainera urteak aurrera doaz, eta gorputza ez da berdin errekuperatzen saio gogor baten ondoren: Hori ere kontutan izan behar da. Dietari dagokionez, oso gozozalea naiz betidanik eta ez naiz gehiegi zaindu, jatea gustatzen zait. Hori bai, lasterketa aurretik gosari arina egiten dut.
Marka pertsonalak hobetzea garrantzitsua al da?
Denbora onak lortzea beti da pozgarria kirolariarentzat. Ez naiz oso zorrotza nire buruarekin baina marka hobetzea beti da saria. Orain niretzako duela bost urteko denbora egitea pozgarria da, horrek esan nahi du maila batean mantentzen naizela nahiz eta urte batzuk gehiago eduki. Hala ere, lasterketa egun batzuetan korrika hasi aurretik konturatzen zara ez duzula gorputzik, hamaika arrazoi medio, eta orduan ahal dena egiten da eta ez da ezer gertatzen. Ez naiz marka pertsonalengatik estutzen.
Zein da zure helburua igandeko krosean? Denbora jakin bat egitea?
Nire helburua arazorik gabe eta gustura korrika egitea da. Betiko maila ematen ahaleginduko naiz eta marka hobetzea lortzen badut hobeto baina ez nau bereziki kezkatzen. Ondo dakit noraino irits naitekeen eta 1 dortsala eramateagatik ez naiz azkarrago joaten saiatuko.
Zer sentitzen da 1 dortsala edukita?
Sari polita da. Beti hor egon naiz herriko lasterketan baita mota honetakoetan ere eta nolabait presentzia hori eta hainbeste urtetako lana saritzea da.
Ostadarrek dio lasterketaren filosofiarekin bat egiten dudalako eman didatela 1 dortsala eta egia da zaletasunak bultzatu nauela korrika egitera. Nahiz eta egoera onenean ez egon, beti parte hartu izan dut nire herriko lasterketan bertako lagunekin bat egiteagatik.
Eman behar zidatela esatean, burura nire ahizpa etorri zitzaidan. Bera Gasteizen bizi denetik ezin izan du urtero herriko lasterketan parte hartu baina bestela berak mereziko luke dortsal hau. Oso maila oneko korrikalaria izan da eta horretan mantentzen saiatzen da. Hasi nintzenean berak gizonezkoen mailan korrika egiten zuen. 16 urterekin Landaberrin hasi zen korrika egiten eta marka onak lortzera iritsi da bere ibilbide luzean.
Errespontsabilitatea al da 1 zenbakia eramatea?
Bai, herriko jendeak ezagutzen nau eta igandean zer egiten dudan ikusi nahiko dute. Soilik espero dut ez lesionatzea eta nire mailan lasterketa duina egitea.
Lasterketa baten aurretik beti jartzen naiz urduri eta kasu honetan badakit inoiz baino handiagoa izango dela urduritasun hori.
Alaba aipatu duzu, gustatuko litzaizuke zurekin korrika egingo balu?
Bost urte ditu orain eta egia esan bai gustatuko litzaidake berarekin noizbait korrika egitea, baina hori, berak aukeratu behar du. Ez dut nik korrika egiten dudalako horretara derrigortu nahi.
Agian futbolean ibiltzea nahiago izango du edo kirola ez du gustuko izango, auskalo, oraindik txikia da.
Igandean kros txikian parte hartu nahi duela komentatu du etxean, bere eskolako lagunekin batera korrika egin nahi duelako baina ikusiko da. Berez oso ume lotsatia da eta agian kalean biltzen den jendetza ikusita ez du momentuan atera nahiko. Niri noski ilusioa egingo lidake igandean kros txikian alaba korrika ikusteak.
Noiz arte korrika? Pentsatu al duzu?
Ikusiko da, ez dut gehiegi pentsatzen egia esan. Urteak aurrera egin ahala egiten ditudan lasterketa kopurua jaisten joan naiz eta suposatzen dut hasi bezala egun batean gehiago ez egitea erabakiko dudala. Gorputzak eutsi bitartean behintzat korrika egiten jarraitzeko asmoa daukat.