Urtero legez, adinaren arabera sei mailatan banatuak egongo dira etxeko txikiak.
Ibilbideak
Esan bezala aurtengo Kros Festaren berrikuntza nagusia Okendo plazako helmuga izango da. Beraz, lasterketen norantza aldatu egin da aurten, iaz haur eta gaztetxoek Michelin aldera korrika egin bazuten, oraingoan Okendo aldera egingo dute.
Gauzak honela, lasterketetako irteera puntuetan aldaketak daude.
A mailakoek, txikienek, 100 metro egingo dituzte Ruiz fruta-denda eta Okendo artean.
2005 eta 2004 urtean jaiotako haurrek Geltoki eta Iñigo de Loyola kale arteko bidegurutzetik Okendo artean dauden 150 metroak egingo dituzte.
Handienek, aldiz, 400, 800 eta 1200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte: Okendon hasi, Hipodromo kalea hartu eta Uistin kaletik barrena joango dira. Blas de Lezotik Geltoki kalera egin eta Okendon bukatuko dute. Gero eta helduago, orduan eta bira gehiago egingo dituzte.
Haurrak nora eraman
Alboko irudian ikusi daitekeen bezala, 2006 eta 2004 urte artean jaiotako haurrek, Iñigo de Loyola kaleko plazan izango dute harrera gunea. Euria egingo balu Michelingo kirol gunean izango litzateke harrera gunea.
Gainontzeko guztiak, hau da 1996etik 2003ra bitartean jaiotakoak, Udaletxe berriko arkupeetan eta Antonio Mercero plazan bilduko dira.
Antolatzaileek eskertuko lukete, 12:00etan haur guztiak bere hasiera gunean egotea, era honetara, taldeak eta lasterketak garaiz antolatu ahal izateko denbora edukitzeko. Harrera gunetik irteera punturako bidea begiraleen laguntzaz egingo dute.
Behin krosa amaitu eta gero, haurrak, Okendo plazako helmugaren ostean jaso behar dira.
Izena ematea
Gaur, ostirala, izena emateko aukera dago, Ostadar S.K.T.ko egoitzan.
Bestela, igandean bertan, Okendo plazan egongo den informazio gunean ere egin ahal izango da, 11:00etatik 12:00etara bitartean.
Bost euro ordainduta parte hartzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Gainera, parte hartzaile guztiek kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dute.