28-Atletismo saila, lasterketaz lasterketa

Nerea Eizagirre 2011ko urriaren 28a

Orreaga-Zubiri mendi lasterketa, Idiazabaleko krosa, Azeri krosa.. Hauek dira Ostadar S.K.T-ko atletismo saileko korrikalariek egin dituzten lasterketetako batzuk. Igandean, Lasarte-Oria Bai! krosean parte hartuko dute taldeko gehienek, baita iaz irabazlea izan zen David Martin herritarrak ere. Hala ere, saileko arduradunek lasterketa gogorra eta borrokatua izango dela aurreratu dute, herrian puntan dabiltzan korrikalariak baitaude.

Duela hiru urte sortu zen Ostadar Saiarre Kirol Taldeko atletismo saila. Taldeko sustatzaileetako batekin, Joseba Iparragirrerekin bildu gara sail honen hastapenak eta nondik-norakoak ezagutzeko.
Josebak azaldu digunez, “zazpi-zortzi lagun ginen igande goizetan korrika egiteko geratzen ginenak. Talde horretako kideetako batek kamiseta bat egiteko aukera zegoela aipatu eta, Julen Ollokiegik eta Xabi Esnaolak komentatu zuten Ostadarrekin hitz egin zitekeela”.
Herrian zegoen korrikalari kopurua ikusita, Ostadarrek baietza eman zuen. “Bere izenean saila sortzearekin ados zegoela, saila aurrera eramateko lekua utziko zigula, baina guk kudeatu behar genuela esan ziguten. Eta Julen hasi zen horretan lanean” adierazi digu.
Hasiera batean 78 korrikalarik eman zuten izena, 70 gizon eta 8 emakumek. Aurten berriro kanpaina egin du sailak eta beste 20 pertsona sartu dira taldean.
“Lasarte-Orian jende asko dago korrika egiten duena” aipatu digu Joseba Iparragirrek: “neska asko dago gainera, baina taldean bakarrik zortzi ditugu. Alde handia da” atxiki du.
Horregatik, lasarteoriatarrak eta emakumeak, batez ere, animatu nahi ditu taldeko kide izan daitezen.

Entrenamenduak

Aipatu legez, taldeko kide batzuk igandeetan elkartzen dira entrenatzeko. “Hamalau edo hamabost bat pertsona biltzen gara. Lehen goizeko zapietan biltzen ginen, orain 8:00ak aldera. Orduak atzera botatzen du normalean” aipatu du.
“Hasieran, jendeak egiten zuen denborekin talde desberdinak egitea zen asmoa” dakar gogora Josebak. “Maratoiak egin genituen denboraldian bi orduko saioak egin izan genituen” onartu du; “orain mendi lasterketak egiten hasi gara eta ordu bete edo gehiago egiten dugu korrika” atxiki du.
“Lesioak direla eta, ez gara asko biltzen igandeetan. Gainera, negua dator eta Behobiaren ostean, jendea gutxiago animatzen da” jakin arazi digu.
Eta azaroaren 27an egingo den Donostiako maratoian gutxi batzuk parte hartuko dutela aurreratu digu.

Denboraldia

Izan ere, Josebak onartu dig unez lasterketen munduan ere denboraldiak daude.
“Orain jendeak krosa prestatzen du eta gutxi batzuk Behobia” adierazi digu. “Behobia hogei kilometro dira, ez da txatxetan hartzeko lasterketa. Eta, hala ere, erokeriak egiten dituzte batzuk parte hartu eta bukatzeko” jarraitu du.
Behobia pasa eta bi igandera, aipatutako Donostiako maratoia dago.
“Beste urteetan Gasteizko maratoi erdian ere parte hartu dugu, hau abenduko hirugarren igandean izaten ohi da. Giro polita dago eta jende gutxiago” aitortu du. Hala ere, lasterketa horretan hotz handia izaten dela ere aipatu du, “iaz 5 gradu eta duela bi elurra ere egin zigun”.
Urtarrilaren hirugarren igandean, Idiazabalera hurbiltzen direla ere adierazi du, “kriston hotza egiten du eta batzutan izotza. Giro oso ona dago. Gazta ekarri nuen etxera aurten”.
Lasterketa kopuruaz galdetzean, “batzuek gehiago, besteek gutxiago. Aurten mendi lasterketa ugari egin ditugu, bost edo sei. Gero abuztuan errepideko lasterketetara egin genuen eta guztira hamar bat lasterketa egin ahal izan ditugu batzuek” aipatu du.
Honetaz gain, lasterketa herrikoietan zozketa eta oparitxo ugari daudela jakin arazi du. “Herri txikietan zozketak daude, lasterketa handietan aldiz ez dago horrelakorik. Kasu hauetan negozioa bihurtu da jendeak korrika egitea,” salatzen du.

Asmoak

Lasterketa hauetan parte hartu ahal izateko eta korrikalariei erraztasunak emateko hainbat asmo dituztela jakin arazi digute sailaren kudeaketan lanean diharduten Joseba Iparragirre eta Julen Ollokiegik.
Esate baterako, indar probak merkeago egiteko klinika batzuekin harremanetan daudela aipatu digu. “Policlinicak %20 edo 25eko beherapena egiten die Behobian parte hartzen dutenei. Baina taldeko jende askok ez du egiten eta guk taldeko guztiek egin ahal izatea nahi dugu” azaldu digu Josebak.
Honetaz gain, nutrizio enpresekin eta masajista batekin ere negoziaketetan dabiltzala jakin arazi digu.
Bestalde, web orrialdeari astindu bat eman eta garrantzia gehiago eman nahi diotela azpimarratu du.
Era berean, urte amaierarako afari edo bazkaria egiteko asmoa dutela aipatu digu, “taldeko jendeak elkar ezagutzeko”.

Jantzi berriak

Asmoekin jarraituz, aurten kroserako jantzi berria izango dutela aurreratu digu, Frutas Ruiz eta Lasarte tabernak babestutakoa.
Aurten jantzia berritzeko asmoa agertu eta “herriko dendak babestua izatea nahi genuen. Frutas Ruizek baietza eman zigun lehenengoan. Eta Iñaki Mendok Lasarte tabernakoak jakin zuen babes bila genbiltzala eta bera ados zegoela aipatu zigun”.
Eta taldeko kideei deialdia egin die, “igandean 9:30ean, Michelingo kirol gunean argazkia aterako dugu”.
Era berean, lehenengo jantzia lortzeko ere babesleak lortu behar izan zituztela gogoratu du, “Iparfrio eta Frutas Ruizekin hitz egin genuen orduan. Bi urterako babesa eman ziguten, baina hiru urteetara luzatu dugu” gogoratu du.
Gainera, bitxikeri moduan zera esan digu: “apirilaren 28an estreinatu genuen eta David Martinek Andoaingo krosa irabazi zuen maiatzaren lehenengo asteburuan”.
Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie atletismo sailak babesleei.

Lasarte-Oria Bai! krosa

Bestalde, igandean egingo den Lasarte-Oria Bai! krosari buruz galdetzean, “Lasartek fama hartu du. Iaz 1.300 pertsonek eman zuten izena eta, 1.200 atera ziren. Jende dezente da” onartu du.
Krosaren ibilbideari buruz, “ibilbide polita da, zuzena eta ez oso gogorra. Urtero ikusten da jendeari lasterketa gustatzen zaiola. Ea horrela jarraitzen duen!” aipatu du.
Partehartzaile kopuruari dagokionez, “oraintxe ez dakigu ziur taldeko zenbatek parte hartuko duten krosean. Oro har, ere ez noski, internet bidezko izena ematea handia da eta”.
Hala ere, krosa borrokatua izango dela aurreratu du, “Lasarte-Orian maila dago. Korrikalari asko daude. David Martin oso ondo dabil eta Jose Luis Delgado ere fin dabil. Neskek ere maila handia dute Pili Bodegas eta Nieves Civicos hor daude. Azken honek 1 dortsala eramango du gainera”.

Giroa

Lasarte-Oria Bai! krosari buruz zerbait nabarmentzeko eskatzean, Joseba Iparragirrek argi dauka: “giro oso ona dago egun horretan. Partehartzaileen arteko giroa ere oso ona da”.
Eta korrika festa ere aipatzen du, “haur mordoak parte hartzen du. Hori da politena, haiek dira eta etorkizuna”.
Gauzak honela, Lasarte-Oriako herritarrak krosean partehartzera animatu nahi ditu: “bai helduen edo haurren lasterketetan, baita korrikalariak animatzen ere”.
Eta bi gomendio egiten die lasterketan izena eman dutenei, bata Lasarte-Oriako krosean ongi pasatzeko eta bestetik kamiseta aurretik hartzeko: “1.300 pertsona asko dira, iaz ilera handiak sortu ziren eta lasaiago ibiltzeko, Lasarte-Oriako korrikalariei txipa, dortsala eta kamiseta larunbata arratsaldean hartzea gomendatzen diegu atletismo sailekoek”.