30-Lasarte-Oria Bai! Krosa, Okendora

Nerea Eizagirre 2011ko urriaren 30a

Bi urteren ostean, Lasarte-Oria Bai! kros Herrikoiak Okendo plaza berreskuratu eta bertan izango du helmuga. “Okendo plazak sinbolismo berezia du; Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia bertan jaio zelako” adierazi zuten antolatzaileek krosaren aurkezpenean. Baina, beste berrikuntza batzuk ere baditu, igandean 10:30etatik aurrera gure kaleetatik barrena igaroko den kros herrikoiaren XVI. edizioak, garrantzitsuena dortsal, txip eta kamiseta teknikoak larunbat eta igandean banatuko direla Michelngo pilotalekuan.

Goizeko 10:30ean emango zaio hasiera Ostadar Saiarre Kirol Taldeak antolatutako Lasarte-Oria Bai! XVI. Kros Herrikoiari. Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko diete korrikalariei.
Lehendabizi gurpildun aulki-lasterketako parte hartzaileak aterako dira, eta ostean, gainerako korrikalariak. Helduen sari banaketa eta gero, 12:15ak aldera Kros Festaren hamaikagarren edizioa martxan jarriko da.
Behin herri erdialdeko obrak amaitu eta gero, Ostadar Saiarre Kirol Taldeak aukera izan du Krosaren ibilbidea herriko erdi gunera luzatu eta Okendo plazara bueltatzeko. Bertara iritsi baino pixka bat aurrerago, Laubide bezala ezagutzen den bidegurutzean, egongo da helduen helmuga.
Baina ez da hau aldaketa bakarra, irteera Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango baita. Gauzak honela, probak bere jatorrizko luzera berreskuratzen du eta parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute, azkeneko bi edizioetan baino 500 metro gehiago.

Dortsal eta txip banaketa

Era berean, dortsala, txipa eta kamiseta teknikoen banaketak ere berrikuntza bat dakar.
Aurreko urteetan ez bezala, lasterketa bezperan, bihar urriaren 29a, arratsaldeko 15:00etatik 19:30era bitartean eta lasterketa egunean, igandean, aldiz, goizeko 9:00etatik 10:00era bitartean banatuko dituzte Michelingo kirol guneko pilotalekuan.
Horren harira, Lasarte-Oriako herritarrei mezu hau helarazi nahi izan diete antolatzaileek: "Ahal duzuen neurrian jaso beharrekoa lasterketa bezperan jaso; modu horretan lasterketa egunean lasaiago ibiliko zarete eta guk ere korrikalarien ilarak saihestuko ditugu igandean".
Honetaz gain, dortsala, txipa eta kamiseta teknikoa jaso ahal izateko korrikalari guztiek egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dutela azpimarratu dute Ostadarreko arduradunek.

Lasterketa Herrikoien Liga

Gainera, lasterketaren antolatzaileek gogora arazi dutenez, Lasarte-Oria Bai! krosa aurten ere, "Lasterketa Herrikoien II. Ligarako" puntuagarria izango da.
Azpimarragarria da urte betean ligaxka honek izan duen garapen interesgarria. Izan ere, iaz hamar lasterketa jokatu baziren ere, aurten 40ra iritsi dira. Ligaxka honen barruan daude, esate baterako, Donostiako Maratoia, Azeri bila proba, Josetxo Imaz memoriala, zein Donostiako eta Hondarribiako San Silvestre ezagunak ere.
Lasterketa herrikoien sariketa honetan parte hartzeko behar beharrezkoa da ligaxka honetako txip horia gainean eramatea.

Ordu aldaketa

Bestalde, urtero legez, ez ahaztu larunbatetik iganderako gauean ordua aldatzen dela, gaueko 3:00etan ordularia atzeratu eta 2:00ak izango dira.
Urteak dira Krosa eta ordu aldaketa asteburu berean egiten direla, baina beti dago partehartzaileren bat ordu bete lehenago agertzen den.
Lasterketa amaitu ondoren, parte-hartzaileak ura, fruta eta freskagarriak izango dituzte eskura, energiak berreskuratzeko. Eta dutxatzeko, kirol guneko instalazioak.